Gari Uranga: "Psikologikoki gogorra izan zen atzoko estropada, baina azkenera arte borrokatu genuen"

Onintza Lete Arrieta 2019ko eka. 23a, 19:28

ZAEko entrenatzaileak bere sentsazioak kontatu dizkio HITZAri, atzo Donibane Lohizunen ligako hirugarren garaipena lortu ondoren. Gustura da emaitzekin eta taldekideekin, baina zuhurtziaz hitz egin du ligarako helburuez galdetutakoan.

KAE1 ligako hiru estropadak irabazi ditu Enbatak, azkena atzo Donibane Lohizunen. Gari Uranga entrenatzaileak HITZAri azaldu dionez, atzoko baldintzak aurreko astekoaren antzekoak izan ziren arraunerako. "Haize handiarekin aritu ginen, arraunerako ez zen oso atsegina, baina bai guk, bai Deustok, zortea izan genuen gure kaleekin".

Irabazi zuten, baina sufrituta. Izan ere, ibilbidearen erdialdera arte Deusturen atzetik joan ziren. "Psikologikoki nahiko gogorra izan zen, baina guk gure momentua aprobetxatu genuen, eta amaierara arte gogor borrokatu genuen". Horregatik, Urangarentzat atzoko estropada izan da hiruretan zailena.

Liga horren indartsu hasita, zer gertatzen da taldeak bere buruari jarritako helburuekin? "Helburuak ez genituzke aste batetik bestera aldatu behar, 8-9 hilabete pasa ditugunean helburu batzuri begira lanean. Liga erdia pasatu behar da ikusteko zer egin dezakegun". Bitartean, "ahalik estropada onenak egiten saiatuko gara eta ahalik eta puntu gehien lortzen". 36 puntu badituzte dagoeneko.

Harrobiarekin gustura

ZAE gogor ari da harrobia lantzen, eta lana bere fruituak ematen ari dela uste du Urangak: "Beheko kategorietan lana ondo ari dira egiten, eta fruituak gu ari gara jasotzen". Aurreneko taldean, esaterako, zarauztarrak dira ia guztiak, "eta ez direnek ere urte asko daramatzate klubean".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide