Pasai Donibanen jokatu dituzte asteburuan bi estropadak KAE 1 ligako traineruek. Tartean izan da Enbata, eta emaitza ezinhobeak eskuratu ditu Zarauzko traineruak, bitik bi estropadak irabazita. Ospakizunen aparrak jaitsita, denboraldia hasi baino lehenagoko "ideia berdinarekin" jarraitzen dutela azaldu dio Gari Uranga entrenatzaileak HITZAri.
Erlojuaren aurkakoa izan zen larunbateko proba, eta Urangak "oso urduri" jarraitu zuen Enbatak egiten zuena. "Lehenengo estropada beti da berezia. Neguan eta aurreko probetan gutxigorabehera tanteatzen duzu ligan nola ibiliko diren zure taldea eta besteak, baina benetan puntuak jokoan daudenean gauzak asko aldatzen dira". Haizetsuak izan dira bi estropadak, eta Urangak azaldu duenez, zarauztarrek haizera "ondo egokitzen" jakin dute.
Duela astebete galdetuz gero ez litzaioke otu ere egingo Urangari gaurko egoera hau izan zitekeenik, lehen postuan baitago Zarautz-Babyauto une honetan KAE 1eko sailkapenean, bigarrenari lau puntuko aldea aterata. Dena den, "hankak lurrean" dituztela garbi utzi nahi izan du entrenatzaileak. "Positibo gaude, baina 10 segundoren barruan 4-5 talde helmugaratu ginen, horrek esan nahi du oso posible dela hurrengo batean bosgarren geratzea, esaterako". Ohorezko txandan sartzea zuten helburu, eta oraingoz, lortu dute. "Ea hor mantentzea lortzen dugun denboraldi osoan zehar. Abuztuaren amaieran bukatuko da play off-en aurreko denboraldia, eta data horietan zerbait lortzeko borrokan ariko bagara, tarteko guztia oso ondo egin behar dugu".
Donibane Lohitzunen izango dute hurrengo estropada Zarauzko arraunlariek, datorren larunbatean.