Zure bizitza profesionala ikuskizunaren munduarekin lotuta dago guztiz.
Bai, duela hamaika urte joan nintzen Bartzelonara zirkuko ikasketak egitera, eta badirudi hainbeste urtean egindako lana bere fruituak ematen ari dela. Kalerkiko A lurpean antzezlanean parte hartzeko aukera izan dut, Bilboko Malas compañias zirku konpainiarekin ere ikuskizun bat sortzen nabil, uda osoan zehar Gure Zirkuarekin bueltaka ibili naiz...
Esan daiteke pixkanaka etxera gerturatzen nabilela. Hasieran Bartzelonan hasi nintzen klaseak ematen, orain Bilbon ere ematen ditut, Adunan ere arte eszenikoen laborategi bat sortzen gabiltza... Apurka-apurka zirkuaren munduan lan egitea gero eta "normalagoa" dela esango nuke, bai pedagogo moduan, baita artista moduan ere.
Geroz eta normalagoa dela esan duzu. Horren normala ez zenean aurreiritzi asko al zeuden?
Hasieran bai, asko. Ni 2007-2008 ikasturtean joan nintzen Bartzelonara eta udan Zarautzera itzultzean jendeak harrituta galdetzen zidan zirku eskolan zer egiten nuen. Ea pailazo eskola bat zen, lehoien domatzailea izateko ikasten ari nintzen ere galdetu izan zidaten... Zirkuaren oso irudi klasikoa dago errotuta gizartean, eta gaur egun animaliarik gabeko zirku asko eta asko badaude ere, duela gutxira arte jendeak elefanteak, lehoiak eta gameluak lotzen zituen zirkuarekin. Gaur egun jendeak beste ikuspuntu batetik begiratzen dio zirkuari. Nire iritziz, inguru honetan 2017ko Korrikako abestiak eragin handia izan zuen horretan.
Iker Galartza tolosarra da Gure Zirkuaren bultzatzaile nagusia. Nola amaitu zenuten elkarrekin lanean?
Telebistako saio batean ikusi nuen Galartza, zirkuaz hitz egiten. Bere konpainiarekin krisi momentu batean zegoela, karpa bat erostea erabaki zuela azaldu zuen, harekin zirku euskaldun bat osatzeko. Hori entzutean berarekin harremanetan jarri nintzen lagun baten bidez, nik ere amets berdina baineukan. Karpa eta hura erabiltzeko beharrezko baimenak lortu zituenean nik nire bi eskuak eskaini nizkion, behar zuenerako.
Euskal Herriko txoko ezberdin asko bisitatu dituzue dagoeneko Gure Zirkuarekin. Nolako harrera ari zarete edukitzen?
Harrigarria. Lehengo urteko uda guztia Tolosako zezen plazan igaro genuen. Luxenburgon erositako karpa bat zen, beraz, zaila zen baimen eta baldintza guztiak lortzea karpa berriz mugitu ahal izateko, Espainiako legeetara egokitu beharra baikenuen. Tolosan eman genituen lehen lau emanaldiak, eta harmailak segituan bete ziren. Amezketara joan ginen ondoren, eta han ere harrera izugarria izan zen. Handik Aiara joan ginen. Aian beldur handiagoa geneukan, herri txikia izanik, jende gutxiago hurbilduko zela uste baikenuen. Hala ere, bertakoak zein inguruko herrietakoak hurbildu ziren, eta han ere sarrera guztiak agortu zitzaizkigun. Gorlizen saio guztiak ez ditugu goraino bete, baina hala ere harrera oso-oso ona izan da. Jendearen esker onaz ohartzen ari gara. Saioen bukaeran karparen kanpoaldean izaten gara ikusleak agurtzeko eta etorri izana eskertzeko, eta ia beti beraiek eman izan dizkigute eskerrak guri. Horrek asebete egiten zaitu.
Ez da edonolakoa egiten duzuen lana. Ikuskizun asko bata bestearen atzetik, batzuetan egun berean bat baino gehiago...
Hala da, bai, baina tira. Emanaldia gutxigorabehera beti berdina da oinarrizkoan, baina publikoaren arabera saio bakoitza oso ezberdina izan daiteke. Senti dezakezun goxotasuna edo harrera, oso ezberdinak dira. Hala ere, orokorrean, izugarria da jendeak eragiten dizun sentsazioa. Oso pozik gaude.
Zarautzen izango zarete bihar. Berezia al da zuretzat etxean aritzea?
Noski baietz, bai. Nik herritik kanpo joan behar izan nuen honetan jarduteko, eta Zarautzen jende askok ezagutzen nau, batez ere, malekoian monozikloarekin atzera eta aurrera ibiltzen nintzelako. Orain zirkuko beste diziplina batzutan ere aritzen naiz, beraz, badaukat gogoa jendeak hori ikus dezan. Familiakoen, lagunen eta koadrilakoen aurrean jardutea oso berezia izango da, eta noski, gogo berezia daukat Zarautzen aritzeko. Hala ere, berez, ez da errazena izan Zarautzera etortzea, beste herri batzuekin alderatuta. Udalak ez dizkigu erraztasun gehiegi eman, baina, hemen beste inon baino azkarrago saldu dira sarrera guztiak. Horrek esan nahi du herritarren aldetik ere gogo berezi bat badagoela Gure Zirkua ikusteko. Horrek, noski, zirrara berezi bat eragiten dit niri.