"Kalerkiren 25. urteurrenak harrera ezin hobea izan du"

Zarauzko Hitza 2018ko uztailaren 14a

Trapu Zaharra talderaen 'Hetsiak' antzezlana. (Aritz Mutiozabal)

Hemeretzi emanaldi ikusi ahal izan dira herriko kaleetan, Kalerki jaialdiaren barruan, eta horietan guztietan publiko asko egon dela adierazi du udalak.

Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren aurtengo edizioa berezia izan da, eta Zarauzko Udalak balorazio "oso positiboa" egin du. "Kalerkiren 25. urteurrenak harrera ezin hobea izan du publikoaren aldetik, eta guztira, 16 talde eta 19 emanaldi izan ditugu: antzerkia, dantza, akrobaziak, musika, umorea... Saio guztiek izan dute publiko asko", adierazi du Nekane Iribar Kultura zinegotziak. Era berean, antzerki konpainiek udalari jakinarazi dietenez, "publikoaren berotasuna sentitu dute".

Kultura zinegotziaren hitzetan: "Duela 25 urte Alproja taldeko kide batzuk martxan jarri zuten ekimen hau eta 25 urte hauetan publikoaren parte hartzea sustatu eta interesa pizten duten emanaldiak ikusteko aukera izan dugu herriko kaleetan".

Aurten, honako emanaldi hauek ikusi ahal izan ditugu, besteak beste: Hetsiak, Oxido, umore garratza, Babo Royal, Chef nature eta Kale Gorrian antzezlanak, Baldin bada akrobazia eta musika saioa, Revolución eta Mulïer dantza obrak, Transhumancia haurrentzat antzezlan ibiltaria, El mundo por montera musika emanaldia, Dira dira dira zezenak zezen puzgarrien entzierroa...

Programazio bereziaren barruan, A lurpean antzezlana ere aurkeztu da, Kalerkiren 25. urteurrenaren harira ekoitzitakoa. Amancay Gaztañagak zuzendua eta aktore zarauztar ugarik antzeztua, bi emanaldi eskaini ziren Arrosategi parkean, eta, guztira, 400 pertsonek ikusi ahal izan zuten. Antzezlanak harrera oso ona izan du ikusleen artean.

Udalak adierazi du lehen egunean Alproja taldeak jarri zuen "ilusio berarekin" jarraitzen duela urtez urte Kalerki antolatzen. Era berean, eskerrak eman dizkie herritarrei jaialdian parte hartzeagatik, eta baita A lurpean posible egin duten guztiei ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide