Aurten, 25 urte bete ditu Kalerki Nazioarteko Kale Antzerki Topaketak, eta kale antzerkian diharduten sortzaileak omenduko dituen obra bat estreinatuz ospatuko dute urtemuga Zarautzen. Nola, bestela? Lewis Carrollen Alicia obraren moldaketa da A lurpean, eta Zarauzko sei aktorek antzeztuko dute, Amancay Gaztañagaren zuzendaritzapean. Bi emanaldi egingo dituzte —bihar lehena, etzi bigarrena—, eta, antzezlanaren ezaugarriengatik, 190 lagunera mugatu dute emanaldi bakoitzerako ikusle kopurua. Ikusmina piztu du, eta airean amaitu dira sarrerak. Ikusteko gogoz geratu denak, agian, aurrerago izan lezake aukerarik; oraingoz, ordea, ez daukate beste emanaldirik aurreikusita.
Gaztañagak eta haren taldeak hilabete daramate bihar estreinatuko duten antzezlana entseatzen, baina aurretik “lan handia eta konplexua” egin dutela azaldu du zuzendariak. Zestoarrak iaz jaso zuen Olatz Azkue Zarauzko Udaleko kultura teknikariaren deia. “Zarauzko Alproja elkartea hasi zen Kalerki jaialdia antolatzen, eta, hogei urte igaro eta gero, duela bost urte, udalari pasatu zion lekukoa”, kontatu du Azkuek. “Urteurrena dela eta, gauza bereziren bat egin nahi genuen. Aukerak aztertu genituen, eta ikusi genuen guretzat interesgarriena zela herriko profesionalekin zerbait muntatzea. Herriko antzerki taldeetako kideei galdetu genien ea prest zeuden ekoizpen bat egiteko, eta baiezkoa jaso genuen”. Ideia hari forma emango zion zuzendari bat behar zutela eta, Gaztañagari deitzea erabaki zuten, “bere profesionaltasunagatik”.