Zarauzko Udalak Lanpardo eta Urdaneta kaleen artean dagoen Helduentzako Hezkuntza Zentroaren eraikin zaharreko partzela doan emango dio Eusko Jaurlaritzari alokairuzko 25 etxebizitzak egiteko. Duela urtebete jarri zen harremanetan Xabier Txurruka alkatea jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura zuzendari Pablo Garcia Astrainekin, eta Azken Portuko partzela horretan babestutako etxebizitzak eraikitzeko proposamena luzatu zion. Aste honetan lankidetza hitzarmenaren zirriborroa jaso dute udalean, eta hori zarauztarrentzat «berri pozgarria» dela nabarmendu du alkateak.
Egun, ekipamendu modura dago kalifikatuta, eta udala lanean hasi da Plan Orokorrean aldaketa egiteko eta bizitoki erabilera izateko beharrezkoak diren hirigintza dokumentuak idatzi, tramitatu eta onartzeko. Eraikina aurri egoeran dagoela jakinarazi du alkateak, eta eraitsi egingo dutela. Udalak eta Etxebizitza Sailak hainbat konpromiso hartuko dituzte hitzarmenean: udaleko Hirigintza sailak partzelaren kalifikazioa aldatu eta segregazioa egingo du, fitxa urbanistikoa bideratzeko; hori onartutakoan, jaurlaritzak eraikina bota eta etxe berriak eraikitzeko nahiz urbanizazio lanak egiteko proiektu teknikoak idatziko ditu.
Etxebizitza Saileko teknikariekin izandako elkarrizketetan adostu dute 2.500 metro koadroko eraikigarritasuna. Eraikin berriak lau soilaru izango ditu eta behe solairu bat. Hain justu ere, behe solairuko lokal hori udal ekipamendurako eskatuko diote jaurlaritzari. «Tramiteak aurten egingo genituzke, eta proiektuak idatzita, 2019an hasiko ginateke eraikitzen, 2020an bukatzeko», aditzera eman du Txurrukak.
103 etxebizitza alokairura
Udal Gobernua Etxebizitza Plana aurrera eramaten ari da, eta Aldapeta eta Salberdingo sustapenak kontuan izanda, babestutako 635 etxebizitza erakiko ditu. Uda aurretik Aldapetako 50 etxebizitzak – 30 tasatuak eta udalak erosi eta alokairura bideratuko dituen 20 alokairuzkoak– eraikitzen hasiko da Visesa. Halaber, behin betiko onartu dituzte Salberdinen jabetzan zozkatuko dituzten babes ofizialeko lehen 113 etxebizitzetarako eskatzaileen zerrendak, eta uda aurretik zozkatzea aurreikusten dute.
Baina «alokairurako beharra» ere badagoela azpimarratu du alkateak. Hori dela eta, Azken Portuko alokairuzko etxebizitzez gain, Salberdingo partzela batean 60 etxe egiteko hitzarmena sinatu zuen udalak abenduan jaurlaritzarekin, eta Aldapetako 20 etxe ere erosiko ditu. «Beraz, 2018 eta 2020 urteen artean babestutako 103 etxebizitza berri bideratuko dira alokairura».
Guztira, Zarautzen erroldatutako 1.006 lagun dira jabetzako BOE bat eskatzen dutenak Etxebiden, eta 393 alokairuan eskatzen dutenak. Hala, alokairurako 103 eta jabetzarako 635 etxe babestuekin, «aurrerapauso garrantzitsua emango dugu etxebizitza arazoari aurre egiteko. Neurri egokiago batean erantzun ahal izango diegu instituzioek, jaurlaritzaren eta udalaren lankidetzari esker», zehaztu du alkateak.