"Abian da jada Aldaketako urbanizazioaren eraikitzea". Halaxe jakinarazi du Zarauzko alkate Xabier Txurruka alkateak, gaur eguerdian eginiko agerraldian. Altuna y Uria S.A. eta Sacyr Construccion S.A. enpresek sustatutako aldi baterako enpresen elkarteari egokitu dizkio Euskoa Jaurlaritzako Visesa erakunde publikoak Aldapetako eremuko urbanizazioa nahiz etxebizitzak eta Vista Alegreko hiri-igogailua eraikitzeko lanak. Elkarlanean eramango dituzte aurrera obrak, 6.768.597 euroko (BEZ gabe) aurrekontuarekin; hau da, lizitazio prezioa (8.205.387 euro, BEZ gabe) baino "%17,5 gutxiagokoa" izan da. Alkateak aurreratu duenez, "dena ongi bidean, apirilean hasiko dira Aldaketako obrak", eta aldi baterako enpresen elkarte horrek 26 hilabetetan burutzeko konpromisoa hartu du.
Etxebitzitzak eraikitzea "luze" joko duela-eta, udaletik Visesari eskatu diote "ahal den neurrian" aurreratu ditzala Vista Alegreko igogailuaren obrak, eta "asmoa litzateke urte eta erdi barru inguru martxan egotea", Txurrukaren esanetan. San Inazio kaletik igogailu bat egongo litzateke Aldapetako plazaraino, eta hortik beste igogailu bat pasarela baten bitartez, Sarakatua dorre ingururaino. Gisa horretan, Vista Alegre auzora irisgarritasuna erraztuko duen bi igogailuak prest eta erabilgarri egotea espero dute 2019ko udarako.
Hitzarmena gauzatuz
"Honekin, nolabait esateko, erabat gauzatzen da Zarauzko Udalak Viserarekin 2016ko apirilaren 28an adostutako hitzarmenean jasotakoa", adierazi du alkateak. Aldapetako partzela eraikigarria Visesari saldu zion udalak, Zarautz Lur erakunde publikoaren bitartez, eta prezio horren barruan udalak 860 medro koadro lokaletan eta aparkaleku plaza batzuk jasoko ditu.
Visesak, bere aldetik, 50 etxebizitza eraikiko ditu; horietako 20 babes ofizialekoak eta 30 tasatuak –joan den maiatzean zozkatu zituzten Gasteizen–, hain zuzen ere. Udalak aurreikusten du babes ofizialeko 20 etxebizitza horiek bereganatzea, alokairura bideratzeko.«Visesarekin hitz egiten ari gara, udalak erosteko eta alokairuan jartzeko, zozketa bidez».