Salberdinen alokairuko 60 etxebizitza eraikitzeko akordioa sinatu dute udalak eta jaurlaritzak

Zarauzko Hitza 2017ko abe. 21a, 13:09

IƱaki Arriola eta Xabier Txurruka, hitzarmena sinatzeko unean (Aritz Mutiozabal).

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukak hitzarmena sinatu dute alokairura zuzenduko diren 60 etxebizitza eraikitzeko Salberdinen.

Hitzarmenaren bidez, udalak lur eremu bat eman dio dohainik Etxebizitza Sailari alokairuko aipatu 60 bizitokiak eraikitzeko, eta horiek Alokabidek kudeatuko ditu. Eraikuntza proiektua 2018an idaztea aurreikusi dute, obrarekin 2019an hasteko asmoz. 4 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du, guztira.

Alokairuko etxebizitza hauek batez ere gazteei zuzenduko zaiei. Esleitzeko orduan EAEko araudian ezarritako sarrera-baldintzak eta betekizunak hartuko dituzte kontuan. Gaur egun, hartzaileek 3.000 euro eta 25.000 euro artko errenta izan beharko dute erregimen berezirako, eta 9.000 euro eta 39.000 euro arteko erretan erregimen orokorrerako, talde berezien kasuan izan ezik. Bost urterako alokairuak izango lirateke.

Elkarlana azpimarratuz

Erakundeen arteko elkarlana azpimarratu zuten bi aldeek. Arriolak aditzera eman duenez, etxebizitzaren premia agerikoa da gazteen artean, eta alokairuko halako etxebizitzek, "emantzipatzeko eta haien bizi-proiektua ekian ahal izateko" aukera eskaintzen du. Zarautzen alokairuko etxebizitza nahi duten 630 eskatzaile daude Etxebiden izena emanda; horietatik 425 Zarautzen daude erroldatuta, eta gainerako 205ak beste herri batzuetan. "Lehen pauso bat" dela nabarmendu zuen, eta "etorkizunean eskaintza areagotzea eta etxebizitza politikak diseinatzea espero dugu, Zarauzko Udalarekin batera".

Txurrukak esan du Zarautzentzat garrantzitsua dela akordio hau: "Jakitun gara zer arazo dugun herrian etxebizitza eskuratu ahal izateko, bai jabetzan bai alokairuan. Agintaldi hasieran garbi geneukan erantzun behar geniola etxebeizitza beharrari, eta horretarako Etxebizitza Plana jarri genuen martxan. Gaurko hitzarmenarekin konkretatzen dugu Salberdin eremuan alokairu mugatu bitartez bideratu daitezken etxebizitzak egiteko partzela hori gauzatuko dela eta jaurlaritzak egingo duela".

Alkateak gogora ekarriz zuen astelehenean onartu zutela Salberdingo urbanizazio proiektua, eta urbanizazio obrekin datorren udan hastea espero dutela. Aldapetako eta Salberdingo etxebizitza babestuko sustapenen bitartez, hurrengo hiru urteetan guztira 635 etxebizitza babestu eraikiko dituzte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide