Zarauzko Kirol Sariak 2017

Ainara Aymat: «Uste dut emakumeok geure artean motibatzea dela gakoa»

Aritz Mutiozabal 2018ko ots. 1a, 08:00

Ainara Aymat surflaria (Aritz Mutiozabal).

Zarauzko Emakumezko Kirolari Onenaren saria egokitu diote Ainara Aymat surflariari, baina ostiraleko sari banaketa ekitaldian ez da izango, Kanarietako proba jokatzen ari delako egunotan.

Hainbat lorpen izan zenituen aurreko denboraldian. Agian, garrantzitsuena izan zen Israelen urte hasieran lortutako hirugarren postua.
Denboraldi hasiera ona izan nuen. Israelera joan nintzen itxaropen handirik gabe, ez  nuelako apenas entrenatu; izan ere, ikasketetan buru-belarri nenbilen. Probatze aldera joan nintzen pixka bat, eta azkenean oso motibatuta bukatu nuen, hirugarren postua lortuta. Gero, urtean zehar jokatu nituen txapelketetako emaitzak xumeagoak izan ziren, baina urte bukaeran berriro neurria hartu nion, eta txukun aritu nintzen Euskal Surf Zirkuituko probetan.

Israelgo emaitza on horrek presioa eragin al zizun ondorengo txapelketen aurrean?
Israelen ikusi nuen nazioarteko gainerako txapelketetan ere ongi aritu nintekeela. Hori horrela, hirugarren postu hori buruan neukala saiatzen nintzen ahalik eta ondoen lehiatzen. Baina, beharbada, presio horrek gehiegi saturatu ninduen, eta beherantz hasi nintzen joaten, espero baino emaitza kaskarragoekin.

Baina, azaldu duzun moduan, egoera irauli eta denboraldia sendo amaitu zenuen; besteak beste, Deban eta Mundakan irabazita.
Mundakan lehiatzeko gogo handiak nituen, egia esan. Bertakoa ezker olatua da, eta oso gustukoa dut. Gogotsu joan nintzen eta garaipena lortu nuen. Euskal Surf Zirkuituko lehen proba izan zen, eta ondorengoei ere ilusioz ekin nien. Hala, Debako proba ere irabazi nuen, eta hirugarren sailkatu nintzen Orroagan.

Bi garaipenekin eta hirugarren postu batekin, bazirudien Euskal Surf Zirkuitua zuretzat izan behar zuela. Zer gertatu zitzaizun?
Kontua da gainerako probetan ez nintzela horren fin ibili, eta Garazi Sanchezek nik baino emaitza hobeak lortu zituenez, beretzako izan zela euskal zirkuituko txapela.

Urtea zapore onarekin bukatu ondoren, denboraldi hasiera bestelako sentsazio batekin ekingo duzu, ezta?
Bai, halaxe da. Edonola ere, aurten perspektiba aldatu eta free surfean aritu nahi dut, txapelketetan horrenbeste lehiatu gabe. Kanarietako Las Americaseko probarekin abiatuko dut denboraldia aste honetan [urtarrilaren 29an hasi zen eta otsailaren 4an bukatuko da]; gero, Indonesiara joango naiz bideo-proiektu batzuk lantzera; eta, jarraian, beste txapelketa batzuetan lehiatuko naiz. Bi alderdiak uztartuz, denetarik egiteko asmoa dut.

Eta nolako txapelketa da Kanarietakoa? Zeintzuk dira zure helburuak?
QSeko proba bat da, nazioarte mailakoa, baina Europako zirkuiturako puntuagarria. Beste batzuen aldean txapelketa xumeagoa bada ere, inportante samarra da. Lehen postuetan bukatzea nahiko zaila ikusten dut, baina ahaleginduko naiz txapelketa on bat egiten. Uste dut ezker olatuko proba dela, eta nire olatu molde gustukoena izanik, gogotsu noa hara.

Free surfa aipatu duzu, zeure bidaiak eta abenturak ikus-entzunezkoetan jasotzeko asmoarekin. Zergatik erabaki duzu aldaketa hori ematea?
Bada ikusi dudalako bide horretatik ere egin daitekeela surfa. Gaur egun gehienbat txapelketetara bideratzen da guztia, eta asko saturatzen zara; nik uste dut Zarautzen asko gertatu dela hori gizonezkoetan. Beraz, pentsatu dut ongi egongo litzatekeela beste leiho bat zabaltzea, badaezpada ere, txapelketen ibilbidea ongi joango ez balitz.

Nolanahi ere, adi egongo zara QSko sailkapenari begira, ezta?
Saiatuko naiz aukeraketa bat egiten zer txapelketa jokatu nahi ditudan aurten. Puntuazio altuko proba batzuk hautatuko ditut, eta puntuzio baxuko beste batzuk. Hartara, ez naiz ibiliko urte osoan etxetik kanpo... Bestela, gehiegi da!

Hautatutako horien artean, Pro Zarautz ezinbesteko hitzordua izango al da?
Bai, bai. Zarautzen lehiatzeko ziur hemen nagoela. Iaz zapore gazi-gozoarekin geratu nintzen, eta aurtengorako gogotsu nago. Aste bat lehenago etxera itzuli nahiko nuke, iazkoa gerta ez dakidan, eta baita Zarauzko hondartzan entrenatzeko ere.

Zer gertatu zitzaizun bada iaz?
Marokon izan nintzen, eta Zarauzko txapelketa hasten zen egun berean itzuli nintzen. Taulei estalkia kendu eta zabaldu nituenean, puskatuta zeudela konturatu nintzen. Beraz, presaka ibili nintzen, taulak aldatuz eta gilak jarriz, eta itsasoa nola zegoen begiratu gabe uretaratu nintzen, pixka bat desmotibatuta. Ez dut halakorik gertatzerik nahi aurten, eta ongi prestatuta iritsi nahi dut.

Zarautzen, gizonezko surflarien izenak maiz entzuten dira: Aritz Aranburu, Hodei Collazo eta Axi Muniain, esaterako. Baina bazaudete bidea zabaltzen ari zareten emakumezkoak ere.
Gutxiago bada ere, emakumezkoak beti egon dira; esaterako, Myriam Imaz eta Idoia Meabe. Uste dut oso gazte uzten dutela emakumeek. Gizonezkoek denbora gehiagoz jarraitzen dute; agian ez txapelketetan, baina bai olatu handietan eta bestelako gauza batzuetan. Emakumeok, txapelketetan jarraitzeko aukera ikusten ez dugunean, utzi egiten dugu, eta izen-abizen horiek ahaztu egiten dira. Horregatik, hain zuzen ere, erabaki dut free surfaren bidetik jotzea, txapelketen ibilbidea bukatzen dudanean aurrera egiteko. Eta ikusten dut gazte asko datozela atzetik, Nadia Erostarbe eta Mikele Beato bezala.

Eman beharreko beste pauso bat litzateke, orduan?
Uste dut geure artean motibatzea dela gakoa. Gizonen artean badira halako pikeak, baina emakumeen artean ez dago halakorik. Iruditzen zait elkarrekin geratu eta uretara sartzen hasi beharko genukeela, ohitura sortzeko eta batak besteari gehiago motibatuarazteko. Horrek gure maila hobetzen lagunduko liguke.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide