Pro Zarautz, "surfa baino gehiago"

Zarauzko Hitza 2018ko urt. 22a, 13:24

Jende ugari bildu ohi du surf txapelketak. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Aurten 30 urte bete dira nazioarteko surf txapelketa antolatzen hasi zirenetik, eta hainbat berritasun izango dira apirilaren 4tik 8ra, urtemuga biribila ospatzeko.

Asteazkenean zabaldu zituen ateak Fiturrek, nazioarteko turismo azokak, Madrilen, eta bertan aurkeztu zuten Zarauzko eskaintza turistikoa, urtero legez. Zehazki, ostegunean Pro Zarautz 2018 surf txapelketa aurkeztu zuten  Xabier Txurruka alkateak eta Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakari Maialen Saezek. Alkateak aurreratu zuen aurten txapelketa "modu berezian" ospatuko dutela; izan ere, haren arabera, "30 urte bete dira surfaren maitale ero batzuek Zarauzko Turismo Bulegoa konbentzitu zutenetik Pukas Rip Curl Pro Txapelketa antolatzeko". 

Urteurren biribila izanik, hainbat berritasun izango dira aurten. Batetik, aurkezpena Real Club de Golf-en egingo dute, lehenbiziko aldiz.  Saenzen arabera, "leku idilikoan batuko dira bi kirol diziplina, balore berak partekatzen dituztenak: teknika, dedikazioa eta trebetasuna, biak ala biak itsasora begira jarrita". Hainbat ekitaldi ere bertan egingo dituzte.

Izan ere, Pro Zarautz "surfa baino gehiago" dela nabarmendu zuen Saezek eta, horrenbestez, aurten ere kultur ekitaldi ugari izango direla txapelketaren bueltan. "Duela urtebete sortu zuen Gipuzkoako Surf Federazioak Feder-Arte ekimena, talentu berriak detektatu, horiei ikusgarritasuna eman eta federatuen kultur ekimenak sendotzeko. Hala, kultura eta kirola uztartzen ditu ekimenak". Zentzu horretan, aurten ere moda desfileak, zinema emanaldiak, azoka, erakusketak, kontzertuak, skate txapelketa eta bestelako ekitaldiak bilduko ditu Pro Zarautzek.

Horrekin batera, Gipuzkoako Surf Federazioa eta Katapulta Tourren arteko akordioa jarriko dute indarrean. Aldundiak antolatutako zirkuituak bertako artistei bultzada ematea du helburu, besteak beste, Jazzaldia eta Kutxa Kultur jaialdietan parte hartzeko aukera eskainiz. "Feder-Arterekin surfaren kultura gehituko diogu zirkuitu horri", adierazi zuen Gipuzkoako Surf Federazioko presidenteak.

Hainbat urtetan antolatu gabe egon ondoren, duela hiru urte berreskuratu zuten proba. "Pro Zarautz indarrarekin iritsi zen, jarraipena emateko asmoz". Hala, aurten ere 16 herrialdetako maila handiko 200 surflaritik gora bilduko ditu WSL Qualifying Series zirkuiturako puntuagarria den txapelketak. Iaz bezala, Pazko Astean izango da QS 1.500 mailako proba: apirilaren 4tik 8ra, hain zuzen ere.

 

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide