Ekainaren 25ean hasiko dituzte sanpelaioetako ospakizunak, baina aurrez, asteburu honetan ere izango da zer ospatua. Batetik, Iñurritza jai batzordeak azoka, txakolin dastaketa eta beste hainbat ekitaldi antolatu ditu biharko eta etzirako, eta bestetik, Zelai Ondoko festak izango dira gaurtik igandera zein ekainaren 23an, San Joan Bezperan.
Horiek pasatuta, herriko festa nagusiei ekingo diete. Ekainaren 26a da San Pelaio Eguna, baina aurten aurreko asteburuan bertan hasiko dira ekitaldiak. Atzo arratsaldean egin zuten egitarau betearen aurkezpena. Bertan bildu ziren Xabier Txurruka alkatea zein danborradako ordezkariak, heldu zein haur.
Hain zuzen ere, Haurren Agerraldia antolatu ohi duen Haur Kultur Taldea omenduko dute aurten San Pelaio bezperan, hilaren 25ean. Gauerdia baino lehenxeago, 23:45 aldera, San Pelaio Makila jasoko dute elkarte horretako ordezkariek danborrada batzordearen eskutik.
Haiekin batera, Atzegiko Txolarte aisialdi taldeko kideak ere izango dira protagonistak. Haiek arduratuko dira gauerdian bandera igotzeaz eta txupinazoa botatzeaz. "Beti daude hor, jai giroa den edonon. Eta aurten, udalak bere parte hartze nekaezin hori goraipatu nahi du", nabarmendu du Txurrukak.
Hainbat berrikuntza aurten
Ekainaren 25ean, bandera igo eta txupinazoa bota ondoren, hiru egunez festa giroan murgilduko dira herritarrak. Aurten, berrikuntza ugari izango dira egitarauan. Batetik, bigarren urtez, ospatuko dute Erraldoi eta Buruhandien topaketa, eta hori izango da berrikuntzetako bat: topaketa horrek haurren txupinazoarekin bat egingo du hilaren 25ean. Hondarribiako Izugarriak, Iruñeako Alde Zaharreko Erraldoiak eta Zarauzko Erraldoi eta Buruhandien elkarteak girotuko dute, beraz, jaien hasierako ekitaldi hori.
Bestetik, ekainaren 25eko gaueko txupinazoaren ostean, danborradak Lege Zaharren enparantzatik atera ahala, disko festa izango da gazteei zuzenduta. "Ikusi genuen egitarauan bazela hutsune bat nerabeei zuzendutako eskaintzari dagokionez", azaldu du Txurrukak. "Kontzertuak badira Munoan, dantzaldia Musika plazan... Baina gaztetxoenek eskatu izan digute halako zerbait, eta aurten lehenbiziko aldiz disko jartzaile festa antolatu dugu". Gaztelekuko DJ-ek girotuko dute Lege Zaharren enparantza: DJ Saioa, DJ Davila, DJ Javi eta DJ JokinREEZ. Bestalde, Drindots taldeak jarriko du jai giroa Musika plazan, eta Skasti taldeak zein Nuria String disko jartzaileak Munoan.
Era berean, Gurekin Jai festa batzordeak antolatu ohi dituen ekitaldiak aurreratu egin dituzte. Hala, festen aurreko asteburuan izango dira herri bazkaria (hilaren 24an, 14:30etik aurrera), paella lehiaketa (hilaren 25ean, 12:00etan hasita) eta baltsa lasterketa (hilaren 25ean, 17:30etik aurrera), besteak beste.
Bestalde, aurten "oparitxo" bat eskainiko die udalak herritarrei, alkateak jakinarazi duenez: "Udalak zapi urdin berezi batzuk prestatu ditu festetarako, 'Pelaio, pelaio' jartzen dutenak, eta pentsatzen dugu lagunduko duela herria girotzen eta kolorea zabaltzen". Doan banatuko dituzte herrian zehar.