Kiroldegiko langileek lanuztea egin zuten aurreko ostegunean, euren baldintzak bermatuko dituen lan ituna eskatzeko, eta aurreratu zuten egoera aldatu ezean, mobilizazio gehiago egingo zituztela. Orain sarrera erregistro bat sartu dute, aurrera begira mobilizazio gehiago egiteko. «Akordio falta» dagoela ikusita, hilaren 16rako eta 17rako egun osoko lanuzteak aurreikusi dituzte. ELA sindikatuko Urola Kostako arduradun Janire Diazek adierazi du, hala ere, denbora horretan negoziazioak hasiko direla «esperantza» badutela. Gogoratu du kasu horretan deialdia bertan behera uzteko aukera dagoela. «Oraingoz, ordea, puntu berean jarraitzen dugu».
BPXport eta Balea Igeriketa enpresetako langileek euren baldintzak bermatzea nahi dute, eta horretarako plataforma bat aurkeztu zuten, ELA sindikatuaren laguntzarekin. Plegu berriak egin ditu udalak, eta euren proposamena bertan jaso dezatela eskatu dute beharginek.