Kiroldegiko langileen auzia

"Gaur egungo lan baldintzak mantentzeko oinarriak gehituta daude plegu berrietan"

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 6a, 11:00

Kiroldegiko langileek ostegunean egin zuten elkarretaratzea. (Aritz Mutiozabal)

Zarauzko Udalak bere jarrera adierazi du, Balea Igeriketa eta BPXport enpresetako langileen mobilizazioen aurrean.

Pasa den ostegunean, lanuztea egin zuten kiroldegiko langileek, euren lan baldintzak bermatzeko hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Kiroldegia itxita egon zen egun osoz. Orain, Zarauzko Udalak bere jarrera jakinarazi du BPXport eta Balea Igeriketa enpresetako langileen mobilizazioen aurrean. Argitu du bi enpresak kontratatuta dituela udalak, Aritzbataldi udal kiroldegian hainbat zerbitzu emate aldera, eta greba egin duten langileak Balea Igeriketa eta BPXportekoak direla, ez direla Zarauzko Udaleko langileak.

"Zarauzko Udalak prestatu eta argitaratzen dituen kontratu plegu guztietan, langile ororen eskubideak bermatzen dira, legeak ahalbidetzen duen heinean", nabarmendu dute. "Zehazki, langileen ordezkariei azaldu zaien bezala, epe motzean kiroldegiko zerbitzuak esleitzeko argitarako diren kontratazio plegu berriek gaur egungo lan baldintzak mantentzeko oinarriak itsatsita dauzkate, bai ekonomikoki eta baita surrogazio ikuspegitik ere".

Zarauzko Udalak "langile eta enpresa arteko lan negoziazio esparrua errespetatzen" duela dio, eta lan baldintza nahiz hitzarmen negoziazioa, "hileroko soldata ordaintzen dien enpresarekin bideratu" behar dutela beharginek. Erakundetik jakinarazi dute bi enpresetako ordezkariekin ere bildu direla, eta biek ala biek azaldu dutela egungo barldintzak aitortuko dituen hitzarmena sinatzeko ados daudela. "Borondate hori langileei jakinarazi zaiela adierazi digute".

Mobilizazioek herritarrengan duen eragina ikusita, bi aldeei eskatu diete mahai baten inguruan eseri eta gatatzakari bidezko irtenbide bat emateko saiatzeko. "Zarauzko Udalak, orain arte bezala, bi aldeei entzun eta konponketa bidean laguntzeko prest dagoela azaldu nahi du", gaineratu dute.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide