«Aldaketak iragarri zituzten egunean bezala, eskaera bera egiten diogu Udal Gobernuari: TAO sisteman egin beharreko aldaketak egiteko uda pasatu arte itxaron dezala». EH Bilduk EAJri eta PSE-EEri eskatu die aldaketak egin ditzaten «denboraz eta lasaiago, herritarrak erotu gabe eta prozedura guztiak legez betez».
Koalizioak salatu du oposizioko taldeek prentsa bidez jakin dutela Udal Gobernuak TAO bihar jarriko duela martxan. Horrez gain, prozeduraren hainbat lege hauste daudela nabarmendu dute: «Nola liteke aldaketa martxan jartzea, ordenantza fiskalak onartu aurretik?».
EH Bilduren arabera, ordenantzak eta ordenantza fiskalek hasierako onespena jaso dute, behin-behinekoa, baina ez betikoa. Oraindik ere behin betikoa jaso behar du, eta horretarako, berriz ere udalbatzarrean jorratu beharko dute gaia, onartzeko.
Prozedurak, «nahieran»
TAO berria oraindik ere jendaurrean dagoela gogoratu du EH Bilduk. «Pasa den maiatzaren 13an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta ekainaren 17ra bitartera arte egin daitezke alegazioak, egun hori barne». Jakinarazi du dagoeneko hainbat aurkeztu direla eta gehiago aurkez ditzaketela herritarrek. «Zer egingo dute EAJ-PSE-EEk alegazio horiekin? Zuzenean zaborretara bota? Hori al da herritarrentzat lan egitea?
Hori kontuan izanda, koaliziak adierazi du Udal Gobernua «nahieran» ari dela erabiltzen bete beharreko prozedurak. «Legea inposatu nahian dabil», diote ordezkariek.
Horrez gain, eskatu diote «behingoz» martxan jarri dezala Mugikortasun Plana eta horren barruan lortutako adostasunen arabera jarri ditzala abian egin beharreko aldaketak.