Moreno lekualdatu arte, zigor ziegan egongo da Ekhine Eizagirre

Zarauzko Hitza 2016ko maiatzaren 30a

Itziar Moreno beste espetxe batera lekualdatuko dutela iragarri du espetxeko zuzendaritzak eta Fresnesko euskal presoak bertan behera utzi dute gosa greba.

Larunbat gauean jakinarazi zioten Itziar Morenori beste euskal preso politikoak dauden kartzela batera lekualdatuko dutela—oraindik ez diote zehaztu nora—. Hori dela eta, Fresnesko euskal presoek gose greba bertan behera utzi dute, tartean, Ekhine Eizagirre zarauztarrak. Hala ere, Etxeratek jakinarazi duenez, lekualdaketa gertatu bitartean zigor ziegan egongo dira Eizagirre eta Iratxe Sorzabal.

Fresnesko preso sozialek euren emakumezkoen moduluan bizi baldintzak hobetzeko protestak hasi zituzten eta  Fresnesko Preso Politikoen Kolektiboko kideek bat egin zuten haiekin. Moreno mobilizazio horien sustatzaile eta antolatzailetzat jo zuen kartzeko zuzendaritzak eta horregatik bakartu egin zuten. 

Asteartean hasi zuten gose greba Morenok eta Eizagirrek. Sorzabalek, berriz, otordu batzuei uko egitea erabaki zuen. Hilaren 10ean hasi zuten baraualdia Fresnesko gizonezkoek Morenori elkartasuna adierazteko. Halaber, Meauxen preso daudenak txandakoako gose greba egin dute eta Osny espetxeetan daudenek ere protestak egin dituzte. Lekualdatze horren ondorioz Morenoren isolamendua bertan behera geratuko delako utzi dute gose greba.

Protestan zeuden presoei babesa adierazteko, Fresnesera martxa egin zuten larunbatean eskualdeko herritar ugarik, Sortuk antolatuta.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide