Fresnesko (Frantziar estatua) espetxean Itziar Moreno euskal presoa isolamendu egoeran sartu zutenetik 26 egun igaro dira eta bertako euskal presoek borrokari ekin zioten, tartean Ekhiñe Eizagirre Zubiaurre zarauztarrak. Gizonezkoek 18 egun bete dituzte jada gose greban, eta emakumezkoak ere, hasierako egunak zigor ziegan egin arren, astelehenetik bertatik gose greban sartu dira.
Egoera hau salatzeko eta Zarauzko Udal gobernuari zenbait konpromiso har ditzan eskatzeko, mozio bat aurkeztu genuen EH Bilduk atzoko plenoan. Mozioaren eskaerak puntuz puntu bozkatzeko eskatu arren, guzti-guztiei EZEZKOA bozkatu zien EAJak eta PSEk eta ondorioz, mozioak ez zuen aurrera egin. Irabazi Zarautzek baiezkoa bozkatu zuen puntu gehienetan, 6. puntuan izan ezik; hor abstentziora jo zuten.
EH Bilduk beste behin adierazi nahi du hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela Giza Eskubide eta Bizikidetzan aurrerapausoak eman nahi badira, konpromisoak hartu behar dira. Ez du balio, Xabier Txurruka alkateak egin zuen bezala, espetxe politikaren aurka dagoela esatea eta ondoren puntu guzti-guztiei ezezkoa bozkatzea, senideei diru-laguntzak bermatzeko konpromisoari barne.
EH Bilduk euskal presoek eta euren senideek bizi duten dispertsioa eta espetxe politikaren salbuespen egoerarekin amaitzeko pausoak ematen jarraituko du.
Hauxe da maiatzaren 26an, Zarauzko udalbatzarrean aurkeztutako mozioa:
“
ISOLAMENDURIK EZ!
EUSKAL PRESOEN ESKUBIDEEN ALDE
URGENTZIAZKO MOZIOA
Itziar Moreno euskal presoa isolamendu egoeran sartu zutenetik 25 egun igaro dira. Fresneseko kideak borrokari ekin zioten, tartean Ekhiñe Eizagirre Zubiaurre gure herrikidea. Gizonezkoek 17 egun bete dituzte jada gose greban, eta emakumezkoek hasierako egunak zigor ziegan egin bazituzten ere, astelehenetik bertatik gose greban sartu dira ere. Borrokaldi mugagabea planteatu dute, Itziarren isolamendu egoera bukatu arte edota beste espetxe batera eraman arte. Era berean, ez dute onartuko kiderik ez dagoen espetxe batera eramatea.
Espetxe politika neurrigabea erabiltzen dute Euskal Herrian irekitako bake prozesua zapuztu eta euskal presoei etengabeko salbuespen neurriak ezartzeko. Euskal presoei ezartzen zaien isolamendua eta sakabanaketa politika ankerrak salatu nahi ditugu. Euskal presoek espetxeetan pairatzen duten egoerak okerrera egin du. Eskubide urraketa eta mendekua oinarri duen espetxe politika ezartzen diete Madril eta Parisek euskal presoei gatazka politikoaren konponbidea eragozteko helburuarekin.
Estatu Espainiar eta Frantziarraren jarrera salatu nahi dugu, eta gaurkoan bereziki Fresnes-eko espetxean gertatzen ari dena. Espetxe politika neurrigabea erabiltzen dute Euskal Herrian irekitako bake prozesua zapuztu eta euskal presoei etengabeko salbuespen neurriak ezartzeko. Euskal Herriko jendarte eta eragile gehienak, nazioarteko erakunde zein pertsonalitate gorenek dispertsioa eta salbuespeneko neurrien aurka azaldu direnean garaia da halako zigor neurriekin behin betikoz amaitzeko.
Inoiz baino beharrezkoago da indarrak batzea. Isolamendu eta sakabanaketa politikak gainditzeko herritarrrok eta erakundeok eman ditzakegun urratsak erabakiorrak izan daitezke. Arlo sozial zein politikoan aurrera pausoak ematen jarraitu beharra dago Estatuek egun mantentzen duten mendeku politikak albora ditzaten.
Hau guztia kontutan hartuta, Udalbatza honek honakoa adierazten du:
1.-Udalbatza honek pertsona guztien giza eskubideak, bake eta bizikidetza egoera egonkorra defendatzen du, eta beraz, espetxe politikaren salbuespen egoerakin amaitzea aldarrikatzen du.
2.-Fresnesen bizi duten egoera larria kontutan izanik, Udalbatza honek Fresnes-eko espetxean zigor ziegan eta gose greban diren euskal presoei elkartasuna adierazten dio.
3.-Udalbatza honek konpromisoa hartzen du Fresnes-eko espetxearen egoera eta bertan dauden euskal presoen egoera zuzena zein den ezagutzeko. Horretarako Udalak duen ordezkaritza altuena Fresnes-era bertaratuko da.
4.-Udalbatza honek eskaera egiten dio Fresnes-eko espetxeko Zuzendaritzari euskal presoen bizi baldintza duinak bermatzeko.
5.-Udalbatza honek, Espainia eta Frantziako Gobernuei euskal presoen etxeratzea eta dispertsioaren amaiera eskatzen die.
6.-Euskal presoek eta euren senideek bizi duten sufrimendua arintze aldera, Udalbatza honek konpromisoa hartzen du presoen senideei diru-laguntzak emateko.
7.-Udalbatza honek bere atxikimendu osoa adierazten die espetxe politika salatzeko eta gose grebalariekin elkartasunez burutuko diren mobilizazioei, bertan parte hartzeko deia luzatzen duelarik ere.
Zarautzen, 2016ko maiatzaren 26an“