Zarauzko Etxeraten gutuna

Zarauzko Hitza 2016ko maiatzaren 30a

"Berrogeita hamar metro besterik ez, baina metro-tarteak baino gehiago aurrera egiteko borondateak banatzen gaitu.

Ekhine Eizagirre Zubiaurre zarauztar preso politikoak, aurreko ostegunean, lau egun zeramatzan gose greban,kartzela berean dagoen Itziar Morenoren isolamendua salatzeko. Hori dela eta, EH Bilduk presazko mozioa aurkeztu, eta udal ordezkariek udalbatzarrean eztabaidatzea onartu zuten, aho batez. Mozioak, senitarte eta Ekhineri elkartasuna adierazteaz gain, ekimen xumeak zein zehatzak biltzen zituen, isolamenduari, salbuespen neurriei eta espetxe politika ankerrari aurre egiteko.

Udaletxeko udalbatzar aretora igotzea astuna egin zitzaigun; eta ez, ez ziren adinaren ajeak (edo agian bai). Izan ere, urteak bertaratu gabe, eta areto horretan behin baino gehiagotan bizi izandakoak ez zigun oroitzapen onik ekartzen.

Mozioa aurkeztu eta bozka emateko garaia iritsi zenean, udaleko talde guztien ordezkariek elkartasun hitzak izan zituzten Ekhinerentzat zein senideentzat; eta, noski, eskertzen ditugu elkartasun hitz horiek.

Baina, EAJ alderdiak hala eskatuta, bost minutuko etena egin zuten, mozioa puntuz puntu bozkatu aurretik. Ondoren, gure harriduraz, EAJk eta PSEk ezetza eman zieten mozioaren puntu guztiei, banaka-banaka. Eta hau izan zen EAJren azalpena: ez dugu behar bezala negoziatzeko denborarik izan. Denbora, denbora da, hain zuzen, soberan ez duguna; denbora da, hain zuzen, udal ordezkari hauek gurekin harremanetan jartzeko soberan izan dutena.

Gose greba amaitutzat eman dute Ekhinek eta beste presoek, nahiz eta protestak egiten jarraituko duten zuzendariak bere hitza bete arte. Hala ere, edozein egunetan, edozein kartzelatan, edozein errepidetan, egoera berdina edo gogorragoa errepika daiteke, salbuespen neurriek beren horretan jarraitzen baitute. Horregatik, elkartasun hitzak konpromiso bihurtzen ez badira eta dispertsioarekin amaitzeko “denbora” hartzen ez bada, hitzak hutsalak izango dira, aitzakia besterik ez.

Berrogeita hamar metro besterik ez; borondate kontua besterik ez".

Zarauzko Etxerat

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide