Ehun kolpe mende batez

Aritz Mutiozabal 2016ko martxoaren 17a

1916 eta 1919 artean ateratako irudia; jokalariak 9. zulo zaharrean, caddy-a lagun dutela (Carlos Celles Anibarrok utzia)

Zarauzko Real Golf Club elkarteak mendeurrena bete du aurten, eta horren harira, hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Aurreko larunbatean, adibidez, mendeurreneko liburua aurkeztu zuten.

Lezerako Dukearen ekimenez sortu zuten Zarauzko golf zelaia,  duela ehun urte, Iñurritzako biotopoan —garai hartan, Las Pontocas bezala ezagutzen zen eremuan—; Zarauzko Udalaren eta Granada de Egeako Dukearen lurretan, hain justu ere. Hasierako ideia, ordea, sei urte lehenagokoa izan zen: Ingalaterrako Eduardo VII.a 1910ean herrira eginiko bisitaldian, Lezera Dukearekin batzartu zen, eta solasaldi hartan golf zelaiaren proiektua izan zuten hizpide. Miarritzeko golf elkarteko zuzendari William Malcolm Corrieren gidaritzapean hasi ziren eraikitzen Zarauzko golf zelaia, 1915eko azaroan, eta hilabete batzuk geroago, 1916ko uztailaren 31n, inauguratu zuten.

Zarauzko Real Golf Clubak ospakizun urtea du, eta horren harira, mendeurreneko liburua aurkeztu zuten larunbatean elkartean bertan. Carlos Celles Anibarro getxoztarra arduratu da Real Golf Club de Zarautz 1916-2016 lana egiteaz, eta «ohore» bat izan dela adierazi zuen agerraldian. «Koordinazio lana izan da nire egitekoa. Kolaboratzaileek ahalbidetu dizkiguten argazki, testigantza eta materialari forma eman diot». Liburua atontzerakoan hainbat alderdi hartu ditu kontuan; hau da, golf elkartearen eta zelaiaren historia nahiz bilakaera, bizitza soziala eta kirol arloa.


Paraje pribilegiatuan

Real Golf Clubeko presidente Juan Carlos Larrañagak gidatu zuen aurkezpen ekitaldia, eta hainbat gonbidatuk hartu zuten parte bertan. Xabier Txurruka alkateak golf zelaia dunen eremuan eraiki zela gogora ekarri zuen, eta «horri esker, paraje pribilegiatu honen ontasun eta zoragarritasun guztiak kontserbatzen ditugu gaur egun». Bere esanetan, gutxi dira herrian mendea bete duten elkarteak: «Hori gertatu ohi da garaietara egokitzen eta ezbeharrei aurre egiten jakiten duenean elkarte batek. Ziur nago garai berrietara ere moldatzen joango dela, eta urteurrenak ospatzen jarraituko dugula».


Ezbehar horietako bat 2014ko itsas denboraleak eragindakoa izan zen. Ondorioz, golf zelaia berregituratu behar izan zuten, eta horretarako Txema Olazabal golflariari eskatu zioten diseinu berria egiteko. Aspaldiko harremana du Olazabalek Zarauzko zelaiarekin, gazte garaian hainbat txapelketa jokatu zituelako bertan. «Oroitzapen oso onak ditut, eta niretzat ohore bat da Zarauzko klubarekin kolaboratzea. Hasiera batean, konplexua zirudien berregituraketak, zelaiaren ezkerraldea oso kaltetuta geratu zelako, baina azkenean oso txukun geratu da. Espero dut zelaiaz gozatuko duzuela, harribitxi bat baituzue hemen».


Ekitaldiz ekitaldi

Mendeurreneko festa nagusia abuztuaren 13an egingo dute. Halaxe aurreratu zuen Mendeurren batzordeko presidente Santiago Fernandez Villaverdek. Liburuaz gain, oroitzapenezko ardoa ere atera dute Martinez Bujanda upategiarekin harremanetan. Kirol arloari dagokionez, uda partean hainbat ekitaldi antolatuko dituztela azaldu zuen elkarteko lehiaketa batzordeko arduradun Alberto Pardok.


Ohi bezala, Zarauzko Txapelketa Irekia jokatuko dute, abuztuaren 5 eta 6an; aipatu txapelketa 1955etik jokatzen da, eta aurten goi mailako jokalari amateurrak ekarri nahi dituzte. Mendeurreneko ekitaldi nagusietako bat  izango da profesional mailako ProAm txapelketa; hiruko taldetan lehiatuko dira, abuztuaren 7an. Bestalde, mendeurreneko ligaxka ere jokatuko dute, hiru probaz osatutakoa, eta garaileak ProAm txapelketarako txartela eskuratuko du. Irailean, Espainiako kluben arteko txapelketa hartuko du Zarauzko golfak.


Proba berezi bat ere badute esku artean: abuztuaren 19-20an egingo duten Hickory torneoa. Garai bateko golflariak aritzen ziren eran jokatzeko asmoa dute, «kluba sortu zenean bezala». Horretarako, garaiko arropaz jantzi, eta zurezko makilekin eta pilota bereziekin ariko dira.

 

Erresuma Batuko golf zelaien parekoa

Link deritzan golf zelaia da Zarauzkoa; hau da, duna eta hareatza gainean eraikitakoa, itsasotik oso gertu. Halako zelaiak oso ohikoak dira Erresuma Batuan, eta bere ezaugarriak haien oso antzerakoak dira. Mendeurreneko liburuan Heraldo Deportivo egunkariak 1916an idatzitako artikulu bat nabarmendu dute, eta bertan Zarauzko golfa St. Andrews-ekoarekin parekatzen du, Ingalaterrako garaiko zelairik onenarekin.
Zarauzko golf zelaia bederatzi zulorekin inauguratu zuten, eta kopuru bera du gaur egun, nahiz eta egitura aldatzen joan diren denboraren iraganarekin. Gainera, elkartea ez da golfera bakarrik mugatu. Bere hastapenetatik tenisa ere landu du, eta usakume tiro txapelketak ere egin izan dituzte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide