Zarauzko Udalaren jabetzakoa den lurzoruari dagokion alokairu kontratua berritu dute bi aldeek. Enpresa independete batek tasazio txostena egin du eta horren arabera ezarri dute golfak ordaindu beharreko zenbatekoa: 39.895,77 euro urteko, zergak kontuan izan gabe.
Duela bi urte eguneratu zuten errenta kontratua orduko Udal Gobernuak eta Real Golf Club elkarteak, 97 urtez hitzarmen bera mantendu ondoren. Akordio horren epea orain bukatu da eta berria sinatu dute. %15 gehiago ordaindu beharko du aurrerantzean golfak eta kopurua urtero berrazertuko dute. 2028ko irailaren 12ra arte izango da indarrean hitzarmen berria, eta hori luzatzeko aukera ere izango da, hala erabakiz gero.
Asteazkenean sinatu zuten kontratua Xabier Txurruka alkateak eta Real Golf Clubeko presidente Juan Carlos Larrañagak. "Gustura" agertu da Txurruka, kontratu berria bi aldeentzat "onuragarria" izango delako. "Real Golf Club elkarteak egonkortasuna lortuko du eta udalak, berriz, errenta gaurkotzeaz gain, ingurune horren zaintzarako hainbat klausula gehitu ditu".
Larrañagak, bere aldetik, udalak izan duen jarrera eskertu du eta nabarmendu du akordio berri horrekin golfak bere jarduerarekin jarraitu ahalko duela datozen 12 urtetan.
Ingurunea zaintzeko hainbat neurri
Zehazki, golf zelaiaren heren bat da erakundearena, Iñurritza ibaitik gertuen dagoen eta urbanizatu ezin den 48.535 metro koadroko espazioa. Eusko Jaurlaritzak babes bereziko gune izendatu zuen 2012an eta Natura 2000 sarearen barruan sartuta dago. Hori dela eta, hainbat erakundek neurriak hartuko dituzte gune hori zaintzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak golf jarduera erregulatzeko plan bat egingo du, besteak beste, ureztaketa, belarraren mozketa eta ongarriketa neurtzeko. Horrekin batera, dunen azalera kontrolatzeko golf zelaiaren kartografia bat egingo du aldundiak.
Bestalde, lur azpiko uren kontsumoa neurtuko du akuiferoan kalteak sahiesteko eta baita gune horretan bizi diren espezieen jarraipena egin ere. Hala, sei urtero aztertuko dute habitat hori.
Golf elkartea, berriz, babestutako espazio hori zaintzeko Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Zarauzko Udalaren argibideak jarraitzera konprometitu da.
Liburuaren aurkezpena
Golfak 100 urte bete ditu aurten eta urteurrenaren harira kaleratuko duten liburua aurkeztuko dute bihar. 19:00etan izango da, golfean bertan.