«Golf zelaia izan ez balitz, Mollarriraino etxez josita egongo litzateke eremua»

Aritz Mutiozabal 2016ko martxoaren 17a

Carlos Celles Anibarro egilea mendeurreneko liburua eskuetan (Aritz Mutiozabal).

Carlos Celles Anibarro getxoztarra izan da Real Golf Club de Zarauz 1916-2016 liburuaren egilea.

Iaz heldu zenion mendeurreneko liburuaren proiektuari. Lan nekeza izan al da?
2015eko otsailean ekin nion liburua lantzeari, eta gutxi gorabehera urtebeteko lana izan da. Zarauzko Real Golf Club elkartearen mendeurreneko liburua izanik, erantzukizun handiko zeregina zen. Dena dela, dezenteko eskarmentua dut horrelako argital­penetan, eta horrek segurtasuna ematen zidan. Esaterako, Jaizkibelgo golf zelaiaren mendeurreneko liburua egin nuen, baita Espainiako Golf Federazioaren 75. urteurrenekoa ere. Honako hau golfarekin zerikusia duen laugarren liburua dut, eta, esan genezake, espezializatuta nagoela halako lanetan.


Nola moldatu zara horrelako liburu bat lantzerakoan?
Harremanetan jarri naiz lantalde oso batekin, hainbat atal aztertzeko; hau da, historikoa, kirol alderdia, bizitza soziala. Modu horretan, informazioa biltzen eta gaian sakontzen joan naiz, dokumentuak, argazkiak eta prentsako artikuluak biltzen, eta pixkanaka-pixkanaka egitura zehazten. Ondoren, egitura hori osatzen joan naiz, bazkideen testigantzak eta ekarpenak txertatuz. Azken finean, hori izan da nire ardura Real Golf Club de Zarauz 1916-2016 liburua egitekoan.


Mendeurrenak beti dira ospakizun potoloak. Erantzunkizun handia izan al da zuretzat?
Beti da erantzukizun handia. Ehun urtetan gauza ugari pasatu dira elkartearen inguruan: zer izan zen hasiera batean, duela 30 urte nolakoa zen eta egun zertan bilakatu den... Garai ezberdinak izan ditu, eta bere historian asko aldatu da. Hori dela-eta,  bazkide guztiak ase behar dituzu, guztiak izan direlako partaide eta bakoitzak bere hondar alea jarri duelako bakoitzak bere sasoian. Baina erantzukizun handia izan arren, pozik nago azken emaitzarekin, eta Zarauzko golfeko jendea ere gustura geratu dela uste dut.


Informazio eta xehetasun ugari bildu ondoren, zer ondorio atera duzu?
Zarautz gogoko dudan herria da, baina lan honi esker bere historian murgiltzeko aukera eman dit; zer izan zen eta egun zer den ezagutzekoa, alegia. Guztiz konbentzituta nago golfeko zelaia eraiki izan ez balitz, Mollarriraino etxebizitzaz josita egongo litzatekela gaur egun eremu hau. Beraz, iruditzen zait hauspo baten modukoa izan dela herriarentzat. Zarauzko golfa link deritzan zelaia da. Gainera, Eskoziako golf zelaien eredu bera jarraituta egin zuten, eta eskoziarrentzat ondareak dira euren golf zelaiak. Kostaldearen ondoan eginak daudenez, balioan jartzen dituzte. Bestalde, biotopoko pasabidea elkartzegune bat izan da herriaren eta golfaren artean, eta tabuak kentzeko baliagarria izan da. Ezbeharrak eta kalteak ere jasan ditu, duela bi urteko denboralea esaterako, baina aurrera jarraitu du.


Zerk txunditu zaitu gehien?
Egun zelaia dagoen tokia erromesen igarobidea zen XIX. mendean, eta San Pelaioko ermita bertan zegoen kokatuta. Karlistaldiaren ondoren, harriz harri Iñurritza auzora eraman zuten. Gaur egun ere geratzen dira ermitaren zimendu arrastoak golf zelaian, hirugarren zuloan.


Zein da Zarauzko golf zelaiaren berezitasuna?
Aintzinako ereduetan diseinatuta dago, eta estatu mailan dagoen lur eremu ireki zaharrena da. Badira golf elkarte zaharragoak, Zarauzkoa zazpigarrena baita, baina gainerakoak lekualdatu egin zituzten, eraiki zituzten hiriak handitzen joan zirelako. Aitzitik, Zarauzkoa jatorriko tokian mantendu da. Beraz, kirol historiari dagokionez, altxor bat da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide