Isiltasunak ez du tokirik

Guka

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, Gukak honako adierazpen hau argitaratu du, lantaldeak indarkeria matxistaren kontra duen konpromisoa berresteko. Gainera, entzuteko eta ahotsa emateko saiakera berezia egin du Gukak; bihar, indarkeria matxista gai hartuta, hamabi orriko egunkari monografikoa kaleratuko du hedabideak. Eduki horiek denak Gukaren webguneetan irakurri ahal izango dituzte Gukakideek gaur iluntzean.

Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta Gukako kideok gure konpromisoa berritu nahi dugu. Indarkeria matxista ez da gertaera isolatu bat. Ez da albiste jakin bat. Ez da beste nonbait gertatzen den zerbait. Gure gizarteko desberdintasunen adierazpenik larriena da, eta denoi dagokigu horren aurrean jarrera hartzea.

Guka osatzen dugunok uste dugu berdintasuna ez dela hitz bat soilik. Egunero eraikitzen den balioa da: lanean, etxean, kalean, eskolan, sareetan eta komunikatzeko dugun moduan. Horregatik, ez dugu isiltasuna aukeratuko.

Entzun egingo ditugu emakumeen ahotsak. Sinetsi egingo ditugu indarkeria salatzen dutenak. Ikusarazi egingo ditugu askotan ezkutuan geratzen diren errealitateak. Eta gure komunitatean errespetua, askatasuna eta berdintasuna sustatzen jarraituko dugu gaur eta beti.

Komunikabide gisa, hitzek duten indarrean sinesten dugu. Hitzek zauriak eragin ditzakete, baina lagundu, babestu eta zerbait eraldatu ere egin dezakete. Horregatik, arduraz jarduteko konpromisoa hartzen dugu, berdintasunaren aldeko kontakizunak indartuz eta emakumeen aurkako edozein indarkeria mota arbuiatuz.

Gaur, eta urteko gainerako egun guztietan ere, argi esan nahi dugu: "Emakume guztiek beldurrik gabe bizitzeko eskubidea dute. Eta eskubide hori defendatzea denon ardura da". Isiltasunak ez du tokirik.

Isiltasunaren aurrean, ahotsa

Bihar, azaroaren 25a izanik, entzuteko eta ahotsa emateko saiakera berezia egin du Gukak. Hain zuzen ere, indarkeria matxista gai hartuta, hamabi orriko egunkari monografikoa kaleratuko du bihar hedabideak.

Besteak beste, indarkeria matxista pairatu duten hiru emakumeren testigantzak bildu ditu, eta eskualdeko udaletan zenbatutako indarkeria matxistari lotutako datuak bildu eta haien inguruko irakurketa jaso ere bai. Horrez gain, indarkeria matxistaren biktimei egindako kaltearen erreparazioaz erreportajea ondu du Gukak. Eduki horiek denak gaur iluntzean izango dituzte irakurgai Gukakideek Gukaren webguneetan. 

Gainera, bihar, egunean zehar eskualdean egiten diren mobilizazioen nahiz aldarrikapen ekintzen berri emango du Gukak webguneetan. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide