Gaur pozik egoteko eguna da Guka osatzen dugun guztiontzat. Gaur, zurekin zerbait ospatu nahi dugu.
Urola Kosta eskualdeko egunkaria tokiko hedabideek eta Berriak bat eginda sortu zuten duela 22 urte. Tokiko albisteak, eskualdeko herrietako eta txokoetako informazioa, papereko euskarrian euskaraz ematea zuen helburu proiektuak, euskararen aldeko kontzientziazioan eta sustapenean eragiteko. Gerora, Guka izena hartu zuen proiektuak, Urola Kostako tokiko hedabideek elkartzea eta kooperatiba bat sortzea erabaki zutelako; aldaketa horrek marka aldaketa ere ekarri zuen. Baina hasierako helburu berari eutsi dio proiektuak, eta sortzaileek inoiz imajinatuko ez zuten arren, gaur egunkariaren 6.000. zenbakia argitaratu dugu. Hori ez zen posible izango zuen laguntzarik gabe, eta horregatik, 6.000 mila esker eman nahi dizkizuegu bidean gurekin bat egin duzuen guztioi.
Gaur egun ere, euskaraz bizitzeko edozein euskaldunek bidean topatzen dituen oztopoak ugari dira, baina Gukak euskaraz informatzeko lanean bere alea jarri nahi du, informazioa boterea dela sinetsita eta euskaldun egiten gaituena euskara dela jakinda. Euskalgintzak bizi duen testuinguru konplikatuaridigitalizazioaren erronkak gehitu behar zaizkio, bidea ez da izan erraza. Hala ere, zenbaki borobil honetara iritsi da egunkaria, eta, gaur, bizirik gaudela ospatu nahi dugu. Eta hori ez da pozik egoteko aitzakia makala.
Eskertzeko, zozketak
Zuk bezala gugan sinesten duen jendea egoteak mantentzen gaitu bizirik. Eta bizirik egotea da mundu honetan daukagun gauzarik handiena. Eta zuri esker bizirik gaudelako, hiru sari zozkatuko ditugu Gukakideen artean: bi lagunentzako otordua, Errigoraren kaxa eta Gukaren produktu sorta. Animatu, eta parte hartu zozketan!
6.000 mila esker, gure arnasa izateagatik! Jarrai dezagun tokiko euskarazko kazetaritza babesten.