Adimen artifizialaren gaineko tailerra emango du UKUEk hurrengo astean

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 29a

(Pixabay)

Inplantalariak izeneko programaren barruko azken saioa maiatzaren 7an, ostegunarekin egingo dute, eta tailerra jasotzeko interesa duenak izena emateko aukera dauka oraindik. 

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) Inplantalariak izeneko programaren barruko azken saioa eskainiko du hurrengo astean. Maiatzaren 7an, ostegunarekin, izango da Automatizatu zereginak eta saihestu akatsak AAren bidez izeneko tailerra, eta udal elkarteak Abendaño industrialdean duen egoitzan emango dute. Parte hartzeko interesa duenak zabalik dauka izena emateko epea. 

Zehazki, adimen artifiziala erabiliz zeregin errepikakor eta ohikoak automatizatzen ikasiko dute tailerrean. Esaterako, posta elektronikoa automatikoki kudeatu eta sailkatzen, dokumentazioa laburbiltzen, bilerak transkribatzen, datuak akatsik gabe jasotzen eta negozio bakoitzerako AAko laguntzaile egokiena aukeratzen. "Horrek guztiak lagunduko du administrazio lanetan ematen den denbora nabarmen murrizten, akats gutxiago izaten, erantzuteko abiadura handitzen eta langile bakoitzarentzat 24/7 eskuragarri dauden laguntzaile adimendunak ezagutzen".

Azken tailerrak prestakuntza praktikoa eta aholkularitza uztartuko ditu, parte hartzaileek egunerokoan aplikatu ditzaketen teknologien erabileran gaituz. Horrez gain, partaideen zalantzak argituko dituzte, eta tresna digitalen erabilera sustatuko dute.

Izena emateko bideak

Saioak hiru ordu iraungo ditu, 09:15etik 12:15era, eta izena online eman daiteke lotura honetan, edo enpresa@urolakosta.eus helbide elektronikora idatziz edo 943- 89 08 08 telefonora deituz.

Prestakuntza zikloa otsailean abiatu zuen UKUEk, enpresen digitalizaziora bideratutako tailer teknologikoen bidez "enpresen lehiakortasuna, eraginkortasuna eta egungo ingurune digitalera egokitzeko gaitasuna hobetzeko helburuarekin". Bi saio egin dituzte orain arte. Sektore teknologikoko profesional espezializatuek parte hartu dute, enpresei beren errealitateari, gaitasunei eta negozio helburuei egokitutako irtenbide digitalak identifikatzen eta ezartzen laguntzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide