Martxoaren 8a

Eskubideen debekua, askatasuna mugatzeko amua

Ihintza Elustondo 2026ko martxoaren 5a

Ukatutako eskubideak emakumeak zapaltzeko tresna izan dira historikoki. Orain gutxi arte, ez dira legezkoak izan abortua eta dibortzioa. Bi emakumek beren esperientzia azaldu dute.

Bigarren Errepublikan legez bederen aitortzen hasitako eskubideak –dibortzioa eta ezkontza zibilak, tartean– atzean gelditu ziren frankismo garaian. Ama, emazte eta etxekoandre 'eredugarri' izatera mugatu behar zen emakumea, eta legez ere horrela jaso zuten. Emakumeak eskubide sozialak galdu zituen sasoi hartan, eta borroka feministaren ondorioz aurrerapausoak eman badira ere, badira zapalkuntza horren ondorioak bizi izan zituztenak. Gaur egun legezkoak dira hainbat eskubide –abortua eta dibortzioa, besteak beste–, baina oraindik bizi diren emakume ugarik sufritu dituzte legezkotasun ezaren ondorioak zein legezko egin osteko estigma sozialaren ondorioak.

Emakume zarauztar batek 18-19 urte zituela Herbehereetara abortatzera nola joan zen kontatu du. Ez ditu izen-abizenak eman nahi izan, bere kontakizuna "emakume asko eta askorena" delako.

1982-83 inguruan gelditu zen haurdun emakumea, oso gaztea zela. Ez zuen bikotekiderik, eta argi zuen ez zuela umerik izan nahi. Dena den, abortua ilegala zen orduan Espainiako Estatuan; horrek ez du esan nahi, ordea, jendeak abortatzen ez zuenik: klandestinitatean egiten ziren abortuak.

Elkarrizketatutako emakumeak lagun baten bidez jakin zuen Mujeres Abortivas izeneko elkarte bat zegoela Donostian. Elkartea abortuaren aldeko emakume aktibista batzuek sortu zuten; sare bat osatu zuten emakumeei laguntzeko, haiek abortuak legearen barruan eta modu duinean gauzatu zitzaten. "Alde Zaharrean zegoen, etxebizitza baten behealdean, ezkutuan; erabat klandestinoa zen. Hara joan nintzen". Dena den, kostatu zitzaion elkarte horretara iristea, eta denbora aurrera zihoan. "Hamabi aste baino gehiago neramatzan haurdun. Frantzian eta Ingalaterran epe horretara arte praktikatzen zituzten abortuak, baina ni pasatua nintzen muga horretatik. Beraz, Herbehereetara bideratu ninduten, han beranduagora arte praktikatzen zutelako abortua".

Elkarte horretakoak arduratu ziren emakumearentzat Herbehereetako ospitalean hitzordua hartzeaz, baita lo egiteko pentsio batean lekua hartzeaz ere. Beharrezko kudeaketak gauzatuta, trenean joan zen emakumea Herbehereetara. "Hiru tren hartu nituen: bat Hendaiatik Parisera, bestea Paristik Herbehereetako Den Haagera, eta hirugarrena Den Haagetik Leidenera. Sei bat ordu egin nituen lehen trenean, beste hiru bigarrenean, eta beste bi azkenekoan", oroitu du. Bakar-bakarrik egin zuen bidaia. "Gurasoei ez nien ezer esan".

Tren bat eta beste, iritsi zen ospitalera, eta "harrituta" gelditu zen han ikusi zuenarekin: "Emakume pila bat zeuden ni bezala hara joanda, eta gaztelania ugari entzuten zen". Abortua praktikatzerakoan artatu zuen erizainarekin gogoratzen da zarauztarra. "Oso ondo zaindu eta goxo tratatu ninduen. Oso babestuta sentitu nintzen". "Oso argi" zuen abortatu egin nahi zuela, eta ebakuntza amaitzean, "sekulako lasaitua" hartu zuela gogoratu du. Mujeres Abortivasetik bideratutako beste bikote batekin igaro zuen gaua pentsio batean, eta hurrengo egunean itzuli zen etxera.

50.000 pezeta kostatu zitzaion abortatzea. "Orduan diru asko zen, eta nik ez neukan diru hori". Lagun baten bidez eskuratu zuen berak. "Dirua zeukanak ahal zuen abortatu, baina ez zeukanak ez", kritikatu du.

1985ean aldaketak izan ziren abortuaren legean, PSOEren agintaldian, eta hiru kasutan baimendu zuten haurdunaldia etetea: emakumea bortxatua izan bazen, haurrak malformazioren bat bazuen, eta amaren buru osasuna edo osasun fisikoa arriskuan bazegoen. Garai hartan, planificación familiar izeneko zentroak sortu zituzten. "Anbulatorio batzuk bezalakoak ziren, eta osasunaren ikuspegi aurrerakoiagoa zuten: sexualitatea, amatasuna... lantzen zituzten, baita abortuaren gaia ere". Sasoi hartan hasi ziren gai horiek normaltasun handiagoarekin lantzen, baina ordura arte informazio gutxi zutela kontatu du emakumeak.

Testuinguru hartan, 1987-88 urteen bueltan, berriro gelditu zen haurdun elkarrizketatutako emakumea; ez, ordea, hori saihesteko neurririk hartu ez zuelako. "Orduan obuluak erabiltzen genituen antisorgailu gisa. Baginan sartzen ziren, eta hesi moduko bat egiten zuten, espermatozoideak ez pasatzeko. Sarketaren aurretik jartzen ziren, baina nire kasuan ez zen eraginkorra izan; izan ere, ni hori erabilita gelditu nintzen bigarren aldiz haurdun".

"Abortuak librea izan behar du, norberaren erabakia delako ama izan ala ez"

Egoera horretan, planificación familiar izeneko zentro horietako batera jo zuen, Lasarte-Oriara (Gipuzkoa). "Ginekologoari esan nion abortatzea nahi nuela. Hark esan zidan han ez zutela abortua praktikatzen, baina bai bere zentro pribatuan". Haren kontsultara joan zen orduan, Donostiara. "Aurrena, psikologo batengana bideratu ninduten, eta hark galdetu zidan ea zergatik ez nuen nahi umea izatea. Psikologo hari esan nion ez nukeela egoera ondo eramango, eta agiri bat sinatu nuen". Artean hiru kasutan bakarrik praktika zitekeen abortua legez. Hori hala, haurra izanez gero bere buru osasuna ez litzatekeela ona izango frogatu behar izan zuen. "Nik horrela lortu nuen abortatzea, baita jende gehiagok ere".

2010az geroztik, legezkoa da abortua Espainiako Estatuan; fetuak hamalau aste bete arte praktika daiteke. 2023tik, gainera, adinez nagusiek ez ezik, 16 eta 17 urtekoek ere gurasoen baimenik gabe aborta dezakete.

Hala eta guztiz ere, oraindik badago abortua zalantzan jartzen duen jendea, herrialde batzuetan ez da legezkoa... Elkarrizketatutako emakumeak argi du abortuak librea izan behar duela, "norberaren erabakia delako ama izan ala ez". Haren arabera, "deskuidoak" gerta daitezke. "Eta zuk ez baduzu ama izan nahi, zer zentzu dauka ume hori izateak? Gainera, oraindik ez da ume bat, fetu bat da. Ume bat hil duzula esaten dute batzuek, baina hori ez da horrela. Eta, gainera, ume bat izatea ardura handia da, ez da arinkeriaz hartu beharreko erabaki bat". Abortua oso estigmatizatuta dagoela iruditzen zaio zarauztarrari, emakumeari beldur handia sartu zaiola, baina argitu du berak ez duela abortatu izanaren ondorioz inolako traumarik izan.

"Izugarria" iruditzen zaio abortua praktikatzeko bera ibili den bezala klandestinitatean ibili beharra. Orain gutxiago, baina beren garaian informazio falta handia zegoela esan du, eta jende asko gelditzen zela nahi gabe haurdun. "Nire inguruan jende askok abortatu zuen", adierazi du. "Garai haietan, ez zen kondoia ere erabiltzen, ez zen orain bezain eskuragarria. Orduan tabua zen sexua, ez zen hitz egiten gauza horietaz".

Uste du emakumeari zoriontsu izateko formula bat planteatu izan zaiola urteetan: ezkontzea eta umeak izatea. Baina bere ustez, hori ez da bizitzeko aukera bakarra. "Nik beti eduki dut oso argi ez nuela umerik izan nahi".

Dibortzioa, tabua

Azpeitian bizi den emakume batek ere uste du emakumeari historikoki inposatu zaion rol hori ez dela zoriontsu izateko formula bakarra: banandua da, eta ez du izan umerik. 22-23 urterekin ezkondu zen, eta gaztea zela, Madrilera joan zen bizitzera senarrarekin, hura politikan aritzen zelako. Baina, pixkanaka, beren harremana hoztuz joan zen. "Ordurako Magisteritza ikasita neukan, eta lanean hasteko gogoa nuen. Senarragatik bizi nintzen Madrilen; haren erara nengoen jarrita". Inguruan bazituen emakume feministak, eta pixkanaka, haien ideiak kutsatzen hasi zitzaizkion. "Baneukan nire bidea egiteko gogoa. Magisteritza ikasi nuen horretan lan egin nahi nuelako, eta espabilatu nintzen: nik nahi nuen bidea egitea erabaki nuen". Euskal Herrira itzuli eta irakasle lanetan hasi zen.

Bakoitzak bere bidea hartzean, "haserretu ez" baziren ere, bikote harremana amaitu egin zen. 1980. urtea izango zen orduan, eta hamar urte geroago, 1990ean, sinatu zituzten dibortzioko paperak. Orduan bikote gutxi banatzen zirela kontatu du elkarrizketatuak: "Orain edozeini entzuten diozu dibortziatu dela, baina orduan ez. Gaizki ikusitako gauza bat zen. 'Emakumeek ez dute ezer aguantatzen', eta horrelakoak esaten zituzten dibortziatuen inguruan. Emakumeei leporatzen zitzaien pazientziarik ez edukitzea. Porrot bat bezala zen".

"Orain edozeini entzuten diozu dibortziatu egin dela, baina nire garaian ez zen horrela"

Aipatzekoa da 1981 arte ez zela legezkoa dibortziatzea Espainiako Estatuan. Eustatek iazko abenduan kaleratutako datuen arabera, berriz, 2023an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 3.000 dibortzio inguru izan ziren. Lau hamarkadako epean majo aldatu dira kontuak.

Elkarrizketatutako emakumea banatu zen sasoian, ez zegoen normalizatuta banatzea. "Orduan ni nintzen ardi beltza", esan du. Gainera, nabarmendu du, horri buruz inork ez diola sekula ezer galdetu: "Gai tabua da banaketarena; inork ez zidan galdetu horri buruz. Urteak pasatuta ere, inork ez dit galdetu zergatik apartatu nintzen".

Dibortzioa eta abortua legezkoak ez izatea emakumeen eskubideak zapaltzeko tresna bat gehiago izan dela uste dute bi elkarrizketatuek, eta argi dute borroka feminista izan dela eskubide horiek lortzeko bidea. "Horretan ez dago zalantzarik", diote. Dagoeneko legalak dira bi eskubide horiek, eta horien gaineko estigma soziala ere galtzen ari da. Lehen, bazirudien ezkondu eta umeak izatea zela emakume bat zoriontsu izateko bide bakarra, baina emakume batzuek apurtu zuten eredu hori, beren askatasuna aldarrikatzeko eta sistemaren oinarriak zalantzan jartzeko ausardia izan zuten. Zoriontsu izateko formularik baldin bada, lehen oinarria askatasuna delako.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide