Gaur Autismoaren Inguruko Sentsibilizazioaren Nazioarteko Eguna da, eta Urdinduz 2017 ibilaldi solidarioa egin dute herria, Gautena elkarteak antolatuta eta udalaren babespean. Apur ditzagun hesiak elkarrekin autismoaren alde. Denontzat irisgarria den gizartea egin dezagun lelopean egin dute aurtengo saioa, eta ehunka lagunek bat egin dute aldarriarekin.
Munoa plazan abiatu dute ibilaldia, 11:30ean. Ondoren, Musika Plaza eta Lege Zaharren enparantza gurutzatu dituzte, itsas pasealekura heltzeko. Malekoian joan-etorria egin dute erraldoi eta trikitilarien laguntzarekin, eta Munoa plazan amaitu dute ibilaldia.
Manifestua
Udalak Munoan atondu duen karpan, Gautenakoek autismoaren inguruko manifestua irakurri dute. Gogoratu dute, autismoa duten pertsonen aldeko lana "etengabekoa" izan dela Zarautzen azken hamarkadetan. Dena dela, bide horretan aurrera egitea ezinbestekoa dela uste dute. "Beste urrats bat emanda, prest gaude zuekin, denok batera, autismoak dituen hesiak eta oztopoak apurtzeko", aldarrikatu dute. Ildo horretan, Gautenako kideek adierazi dute, "herritar guztiek autismoaren mundura hurbiltzeko saiaketa xume bat egingo balute, gure gizatasuna gorpuztu egingo litzatekeela. Askotan esaten da, ezagutzen dena maitatu egiten dela, baina garbi dago ezagutzeko hurbildu egin behar dela. Gaur Zarauztik helburu horri ekingo diogu".
Urdinduz 2017 ibilaldiak herriko erraldoiak izan ditu lagun ekitaldian zehar, baina antolatzaileek nabarmendu dute gaur herria urdindu duten herritarrak direla benetako erraldoiak. "Zuen etengabeko lanarekin, egunez eguneko esfortzuarekin, autismoaren aldeko borroka luzean. Zuek zarete erraldoiak eta hemendik aurrera, bidelagun izango gaituzue hesiak apurtzeko autismoaren alde"