Gautena autismoren inguruko Gipuzkoako gurasoen elkarteak trastorno horren inguruko ibilaldi solidarioa antolatu du datorren iganderako. "Egun aproposean" izango da, apirilaren 2a Autismoaren Inguruko Sentsibilizazioaren Nazioarteko Eguna baita. Orain arte, Donostian (2014an eta 2016an) eta Zumarragan (2015ean) egin izan dute Urdinduz izeneko ekitaldi hori, eta aurten Zarautzen izango da Gipuzkoa mailako laugarren ibilaldia, udalaren babesarekin. Miren Letamendia Osasuneko zinegotziak jakinarazi du ibilaldi horren helburua dela autismoa ikusarazi eta trastorno hori duten pertsonei zein haien senitartekoei babesa eskaintzea.
"Familientzat garrantzitsua da bakarrik ez daudela sentitzea eta lasaitasuna ematen die euren kasua bakarra ez dela jakiteak. Gautenak babesa ematen die eta ondorengoek bidea jorratuagoa izateko lan handia egiten du", nabarmendu du. Elkarte horretako gizarte langile Jimmy Brosak jakinarazi du egun 850 bat pertsona laguntzen dituela Gautenak. Horien artean, Zarautzen 30 bat pertsonek dute trastorno hori, eta Urola Kostan, berriz, 100 bat lagun.
Zentzu horretan, aurtengo ekitaldia Apur ditzagun hesiak elkarrekin autismoaren alde. Denontzat irisgarria den gizartea egin dezagun lelopean egingo dute. Gautenak La Salle ikastetxean gela egonkor bat du, trastorno hori dutenen inklusioa lantzeko. Haiek emango diote hasiera ekitaldiari, aurtengo leloarekin lotutako "sorpresaren batekin".
Munoa plazan abiatuko dute ibilaldia, 11:30ean. Ondoren, Musika Plaza eta Lege Zaharren enparantza gurutzatuko dute, itsas pasealekura heltzeko. Malekoian joan-etorria egingo dute erraldoi eta trikitilarien laguntzarekin, eta Munoa plazan amaituko dute ibilaldia, 12:30-13:00 aldean. Udalak bertan atonduko duen karpan, Guatenakoek autismoaren inguruko manifestua irakurriko dute, eta ondoren, jan-edana eskainiko dute. Musika ere ez da faltako, eta puzgarriak ere izango dira inguruan. "Goiz polita izango delakoan gaude, Zarautz urdinduz", esan du Brosak.
Hainbat zerbitzu
Gautena irabazi asmorik gabeko guraso elkartea da, "erreferentea autismoaren diagnostiko eta tratamentuari dagokionez". Letamendiak jakinarazi duenez, "autismoak berekin dakartzan arazoei buruz gizartea informatu eta sentsibilizatzeaz gain, trastorno mota hori duten pertsonei zerbitzu egokiak eskaintzen dizkie". Diagnostikoaz eta tratamenduaz aparte, medikuntza arloan psikologo eta psikiatra zerbitzuak eskaintzen ditu, gela egonkor zerbitzuak, etxebizitza eta aisialdiarekin lotutakoak, besteak beste. Gurasoen esku baliabideak ere jartzen ditu, izan formakuntza, izan taldeentzat saioak, izan aisialdirako jarduerak. Horregatik, elkartearen lana aitortu nahi du udalak.
Aldi berean, Gautenako gizarte langileak udalak emandako babesa eskertu du. Izan ere, Zarauzko Gizarte Zerbitzuen aldetik, udalerrian azken hilabeteetan "mugimendu interesgarriak" sortu direla jakinarazi du Brosak. Batetik, osasun alorrean lan egiten duten erakundeekin mahai bat sortu du, elkarlanean antolatzen dituzten jarduerak kaleratu eta ikusarazteko asmoarekin. Bestetik, Gizarte Zerbitzuek jarraipena egiten die autismoa duten pertsonei eta baliabideak jartzen ditu, besteak beste, udaleku irekien barruan, hilean bi aldiz egiten dituzten aisialdiko topaketetan eta ludotekan.
Era berean, aniztasun funtzionalaren inguruan diharduten elkarteen beste mahai bat sortu dute. "Oso ekimen interesgarriak dira erakundeen arteko harremanak indartzen dituelako eta udalarekin ere lotura zuzena bultzatzen duelako. Mugimendu hauek bultzatu dute aurten Urdinduz ekitaldia Zarautzen egitea".