Kiroldegiko langileen auzia

Pauso bat, baina irtenbiderik ez

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017ko mar. 3a, 08:05

Langileak kiroldegi atarian, pankartak jartzen, atzo goizean (ELA sindikatua)

BPXport enpresak proposamena egin die kiroldegiko langileei, baina ELA sindikatutik jakinarazi dute aurrerapauso bat dela, baina ezin dutela «inondik inora» onartu.

Herenegun bildu ziren kiroldegiko langileak enpresetako batekin: BPXporteko ordezkariekin, hain zuzen ere. ELAko Urola Kostako Zerbitzuetako ordezkari Janire Diazek jakinarazi duenez enpresak berak proposamen idatzi bat aurkeztu zien beharginei, eta hori kiroldegiko langileek aurkeztutako plataformatik «oso urruti» dago. «Plataforman jasotako hainbat eduki ezabatu, kendu edota murriztu dituzte», nabarmendu du. Esaterako, soldata igoerei dagokionez, KPIaren %85a proposatu dute enpresatik. «Guk KPIa bi puntu igotzea eskatu genuen. Enpresaren proposamenak, ordea, ez du ezta KPIa bera ere jasotzen», salatu du.
 
Bestalde, lan orduei dagokionez, urteko 1.592  ordu zehaztu zituzten langileek plataforman. Enpresak urteko 1.600 ordu proposatu ditu, hau da, «orain arte bezala». «Ez da onargarria, ez da nahikoa, gauden puntuan gaudela jakinda», adierazi du Diazek. «2012tik 2017ra bitartean langileek ez dute soldata igoerarik izan. Horregatik, ezin dugu onartu inondik inora enpresaren proposamena».

ELAko ordezkariaren esanetan, auzian pauso bat aurrera eman bada ere, BPXportek aurkeztutako proposamena ez da «konponbidea». «Konponbidea helduko da Udal Gobernuak gure edukiak sinatu eta pleguetan sartutakoan».

Zentzu horretan, «benetan arduraz» jokatzeko eskatu dio, «enpresekin bildu eta konponbidea eskainiz». «Behin eta berriz diote langileen eskubideak bermatu behar direla, baina kasu honetan, ez dira ari zintzo jokatzen». Elkarrizketak Udal Gobernuaren eta langileen artean izan behar duela dio, eta enpresek izan behar dutela bitartekariak, ez alderantziz. «Ez dugu ulertzen udalaren jarrera, ez da serioa». Ohartarazi duenez, hamar egun pasatu dira azkenaurreko grebatik eta ordutik ez dute Udal Gobernuaren partetik deirik jaso. Hala ere, adierazi du mezu pare bat bidali dizkiotela, enpresarekin harremanik izan duten ala ez jakiteko.


Mobilizazioekin aurrera

Hori guztia kontuan izanda, «bide beretik» jarraituko dutela nabarmendu du ELAko ordezkariak. Hau da, deitutako mobilizazioekin aurrera segituko dutela. Hala, gaur eta bihar ere  goizean goiz kiroldegiko sarreran bilduko dira langileak, kiroldegia itxita dagoela jakinarazteko erabiltzaileren bat bertaratzen bada. Gaur arratsaldean, berriz,  elkarretaratzea egingo dute udaletxe aurrean, 19:00etan. Asteko azken greba egunean, bihar 10:00etan, bizikleta martxa egingo dute ikastetxez ikastetxe.

Kiroldegiko erabiltzaileei eta, oro har, herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko eskatu diete, bereziki, biharko protestan. Era berean, eskerrak eman dizkiete erakutsitako babesarengatik.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide