"Kiroldegiko erabiltzaile gisa, suminduta nago «gure» politikariek esandakoak entzunda. «Gure» diot., herritarren zerbitzura egon beharko luketelako. (Politikari polis-etik dator, antzinako grekeraz herri edota herritar esan nahi du).
Eta herritarren artean kiroldegiko erabiltzaileak daude, zerbitzu batzuk jasotzeko ordaintzen dutenak, eta baita kiroldegiko langileak ere, zerbitzu bat ematen dutenak. Dirudienez politikari horiek ez dute aintzat hartzen langile horiek baldintza duinak izatea beharrezkoa dela euren profesionaltasuna transmititu ahal izateko. Eta ikusten dudanez, hori ez zaie axola «gure» politikariei.
Zarautz kirol maila handiko herria da. Horrek, herritarren bizi kalitatea eta ongizatea areagotzeaz gain, balore garrantzitsuak transmititzen ditu guztiontzat, osasuna hobetzen du, poza, elkarbizitza...
Kiroldegiak 8.000 bazkide inguru ditu, eta instalazioa egunero erabiltzen dutenen kopurua esanguratsua da. Nire ustez, ez da onargarria politikariek jaramonik ez egitea langileei eta erantzukizuna azpikontratatutako enpresena dela esatea.
Res publica (publikoa dena) bitartekarien esku jartzen bada, langileentzat baldintza duinak bermatu gabe, esleitutako enpresak ahalik eta irabazi gehien eskuratzen saiatuko dira. Udala ez bada horretaz arduratzen, ez zait etikoa ezta zuzena iruditzen gero Zarauzko kirolaz harrotasunez jardutea.
Nire uste xumean, Kirol zinegotzi batek edota pertsona arduradunek, lehenik eta behin langileekin hitz egin beharko lukete (horiek ere zergak ordaintzen dituzte), baina badirudi ez direla ezta haiekin biltzen saiatu. Horregatik, tekniko nahiz bitartekari gisa gaitasunik ez dute azaltzen, ezta pertsona bezala ere.
Erraza da ardura ahaztea edota besteena dela esatea eta baita, kasuan kasu, kiroldegiko langileak zein erabiltzaileak geure artean mesfidati jokatzea, egoerak bi aldeei (horiek dira alde zaurgarrienak) eragindako kalteak kontuan hartuta.
Hala ere, gero ahoa beteko dute Zarauzko kirolaz, garrantzitsuena alboratuz: kaltetutako pertsonak, hau da, langileak eta kiroldegiko erabiltzaileak".
Juan Pedro Fernandez Otsa. Zarautz.
(Erredakzioan itzulia)