Indianoak Ibaialde traineruak Ternuara espedizioa egingo du datorren udan, eta azken astetan proiektua herritarren artean zabaltzen ari dira. Gaur arratsaldean esaterako, Saint Pierre eta Mikelune ohiz kanpoko bioaniztasuna hitzaldia eskaini dute Zarauzko Aritzbatalde Kiroldegian, eta proiektuaren nondik norakoak ere azaldu dituzte; bertan bildu diren herritarrek, euskal traineruak zeharkatuko duen lurraldea hobeto ezagutzeko aukera izan dute argazkiz lagunduta. Frantsesez eman dituzte azalpenak, baina elkarteko kideek aldibereko itzulpena egin dute, aurkezpenean bildu diren zarauztarrek ulertu zezaten.
Iparraldeko, Bizkaiako eta Gipuzkoako arraunlariek osatuko dute Indianoak Ibaialde traineruko eskifaia, tartean Zarauzko Arraun Elkarteko hainbat arraunlari beteranok: Juan Angel Garmendiak, Iñaki Rojo Garmendiak, Segis Bachillerrek, Fermin Larrañagak eta Edu Mugertzak. Ternuako Placentia herrian abiatuko dute ibilbidea, eta Saint Pierre et Miquelonen amaituko dute.