Indianoak Ibaialde traineruak Ternuan barrena espedizioa egingo du 2017ko uztailean, eta bertan parte hartuko dute eskualdeko bost lagunek. Iparraldeko, Bizkaiako eta Gipuzkoako arraunlariek osatuko dute eskifaia, tartean Zarauzko Arraun Elkarteko hainbat arraunlari beteranok: Juan Angel Garmendiak, Iñaki Rojo Garmendiak, Segis Bachillerrek, Fermin Larrañagak eta Edu Mugertzak. Hilean behin elkartzen dira espedizioko kide guztiak entrenatzeko, eta urriaren 22an Zarauzko Arraun Elkarteko egoitzan bildu ziren. Bost orduko saioa egin zuten itsasoan arraunean, eskarmentua hartzen joateko.
2017an Ternuan barrena egingo duten espedizioa kirol erronka izateaz gain, euskal itsas gizonek mendeetan egindako lanari omenaldia ere izango da. 400 kilometro egingo dituzte hamar egunetan zehar, eta horretarako 21 arraunlarik txandaka egingo dute arraunean. «Trainerua izango da ontzi nagusia, eta alboan beste hainbat ontzi joango dira traineruari laguntza emateko. Arraunketa lasaia egingo dugu, bost ordu inguru arraunean egin ahal izateko». Espedizioaren zatirik handiena kostaldetik gertu egingo dute, baina etapa batzuetan itsaso zabalean arraunean ere egin beharko dute.
Itsas bidaiako arraunlari gehienak gizonezkoak izango badira ere, deialdia irekia izan zela nabarmendu dute antolatzaileek. «Lan eta familia kontuengatik taldeko emakume askok ezin izaten dute proiektuan parte hartu», azaldu du Paola Charron espedizioko patroiak. Hala ere, bi emakume izango dira taldean, bata arraunean eta bestea patroi lanetan.
Kultura elkartrukea
Kirol arloaz gain, Ternuan euskal kultura ere sustatu nahi du espedizioak, eta horretarako mendeetan zehar euskal arrantzaleek egin zituzten bidaien lekukotza hartuko dute Indianoak Ibaialde espedizioko kideek.
Ternuako Placentia herrian abiatuko dute ibilbidea, eta Saint Pierre et Miquelonen amaituko dute. «Inguru horrek harreman handia du Euskal Herriarekin, Saint Pierre et Miqueloneko banderak esaterako ikurriña du», azaldu dute. Espedizioarekin bi herriek mendeetan izan dute harremana indartu nahi dute. «Sain Pierre et Miquelonen biztanleen %30a euskal jatorrikoa da. Urtero uda partean Euskal Aste garrantzitsu bat egiten dute bertan, eta datorren urteko Euskal Jaian guk ere parte hartuko dugu». Euskal Astea kultura elkartrukea izatea nahi dute; kirola, musika, dantza eta gastronomia izango dira protagonistak jaian.
Ibaialde elkarteak erlazio estua du Montrealeko Euskal Etxearekin, eta 2017ko espedizioarekin harreman hori sakondu nahi dute. Espedizioan parte hartuko dute Saint Pierre et Miqueloneko Pilota Elkarteko eta Montrealeko Euskal Etxeko kideek ere. Espedizioa bukatutakoan, trainerua pilota elkarteari utziko diote han erabili dezaten.
Finantzabide bila
400 kilometroko espedizioa erronka da arraunlarientzat, eta prestaketa berezia eskatzen du. Eskifaiako kideak lurralde desberdinetakoak direnez, arraunlariek beren taldearekin entrenatzen dute astean hiru aldiz. «Hilean behin elkartzen gara guztiok. Larunbatetan izaten da normalean eta ahalik eta entrenamendu luzeenak egiten saiatzen gara, itsas zeharkaldirako prestatzen joateko», azaldu dute.
Iparraldeko Ibaialde elkarteko hainbat arraunlarik aurretik ere egin izan dituzte mota horretako espezioak Kanadan bertan: 2003an Sept Ilesetik Trois Pistoleserako espedizioan parte hartu zuten eta 2013an Trois Pistoles-etik Montrealera joan ziren ibaian barrena.
Juan Angel Garmendia oriotarrak ere eskarmentua du mota horretako itsas bidaiak egiten, 2007an Santio Bidea egin baitzuen Orioko traineruarekin. «Oso esperientzia aberasgarria izan zen Santiagora traineruan egindako bidaia. 13 egun egin genituen arraunean, 850 kilometro inguru, egunean 6-7 ordu arraunean eginez. Ahaztezina izan zen». Horregatik 2017ko espedizioan parte hartzeko proposamena egin ziotenean ez zuen bi aldiz pentsatu.
Indianoak Ibaialde espedizioko kideak ilusio handiz eutsi diote erronkari, baina espedizioa egin ahal izateko babesle bila dabiltza orain. Hainbat erakunderekin harremanetan jarri dira finantzabidea lortzeko, eta proiektua ezagutzera emateko ekintzako antolatuko dituzte datozen hilabetetan. Pasa den astean Ternuako telebista Lapurdin izan zen espedizoko kideekin erreportajea egiten. «Laguntza oro ongi-etorria izango da».