Gaur, astelehena, hasi dira deklaratzen joan den apirilaren 22an Eloy Velasco epaileak auzipetutako 47 lagunak, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen. Ainhoa Baglietto zarauztarra, Eneko Ibarguren Kurku azpeitiarra eta Nagore Garcia zumaiarra dira auzipetuen artean, eta “erakunde terroristako kide” izatea leporatzen diete.
Abokatuak, Etxerateko kideak, Jaiki Hadi taldekoak eta Herrirakoak auzipetu dituzte. Gaur abokatuek eta Herrirako kide batzuek deklaratuko dute epailearen aurrean, tartean, Ainhoa Baglietto abokatuak. Bihar, asteartea, berriz, Herrirako gainerako kideak eta Etxeratekoak igaroko dira epailearen aurretik, eta horien artean dira Eneko Ibarguren eta Nagore Garcia. Auzipetze autoa emango die Velaco epaileak, eta akusazioen inguruko galderak egin. Akusazioak ukatuko dituzte auzipetuek.