Jake, Mate eta Pastor operazioetan atxilotutakoak dira guztiak: Herrira-rekin lotutakoak, abokatuak eta Etxerat eta Jaiki Hadiko kideak. Guztira, 47 lagun auzipetu ditu Eloy Velasco epaileak, "ETAren espetxe frontea" osatzea egotzita. Maiatzaren 10erako deitu dituzte lehen deklarazioa hartzera.
2015eko urtarrilaren 12an atxilotu zituzten Baglietto eta beste 15 lagun, abokatuak gehienak, Mate deituriko operazioan. ETAko kide izatea leporatzeaz gain, dirua zuritzea eta Ogasun publikoaren kontrako delituak ere egotzi zizkieten atxiloituei; 2012 eta 2013 artean ogasunean 1,3 milioi euro ez aitortzea, hain zuzen ere. Barne Ministerioak ohar bidez azaldu zuen Herrira-k EPPK-ko presoen abokatuei ordaindutako dirua zela hori, eta operazioak "abokatuen kolektiboa ekonomikoki sostengatzen zuen finantza egitura desegitea eragin" zuela.
Lekukoen arabera, 07:15ak aldera atzeman zuten Baglietto Zarauzko malekoian iazko urtarrilean. Ondoren Hernanira eraman zuten, haren abokatu taldearen bulegora. Egoitza bederatzi bat orduz miatu, eta jarraian Madrilera eraman zuten. Bi egun geroago deklaratu zuen Eloy Velasco epailearen aurrean, eta honek bermerik gabe utzi zuen aske.