Talaimendin, Aiako lurretan eraikitzen ari diren Amezti etxeak zalaparta sortu du. Besteak beste, etxearen kokapenaren, tamainaren eta horren inguruan jarri duten hesiak zalantzak sortu ditu alderdien, herritarren eta hainbat elkarteren artean. Gipuzkoako Aire Kirol Federazioa da obraren inguruan kexu agertu den elkarteetako bat, eta salaketa jarri du epaitegietan.
Gipuzkoako Aire Kirol Federazioaren esanetan, Aia eta Zarautz arteko eremu hori babestuta dago, eta egiten ari diren eraikuntza «ustez legez kanpokoa» da. Beren helburu bakarra «justizia soziala errespetatzea eta espazio horren kontserbazioaren defentsa» dela nabarmendu dute. «Ezin dugu ezikusiarena egin babestutako eremu publikoa obrako hesiez itxita ikustean. Talaimendi Gipuzkoan gehien erabiltzen den aireko kirol eremua izateaz gain, mendiko aisialdi ekintzetarako eremua eta Kostako Done Jakue bidearen zati garrantzitsua ere bada».
Horregatik, parapenteko pilotuek auzi horren inguruan hartutako «erantzukizuna», «gizarte osoari dagokion» salaketa dela ulertzen dute.
Talaimendi defendatzeko SOS Talaimendi herri plataforma sortu dute federazio horretako hainbat ordezkarik. Alde batetik, egoera salatzeko eta, bestetik, horren aurka hartu beharreko neurri legalak hartzeko. Salaketa prozesua bideratzeko Federazioko dirurik ez dutela erabiliko zehaztu dute. «Gaizki-ulertuak ekiditeko, argitu nahi dugu gure diru ekarpenak borondatezkoak direla, parapenteko pilotuek eta gai horrekin sentsibilizatutako lagunek egindakoak».
Bestetik, argi utzi nahi izan dute «inolako alderdikeriarik gabeko» taldea direla. «Kirol Federazioko kideok batzen gaituena parapente kirol jarduna da, eta ez dugu alderdi politikoekin inolako loturarik. Izan ere, partaideok bateko eta besteko alderdikideak izan gaitezke».
Garrastazu zinegotziaz
Federazioak Zarauzko eta Aiako udalen jarrera gaitzetsi du. Izan ere, azaldu dute egin dituzten bilera guztietan «Talaimendiko eraikuntzaren jabeen alde» egin dutela udalek. «Horretarako estrategia desberdinak erabili dituzte: gure lana eta iritziak baztertu dituzte, informazio eskaera oztopatu dute eta Talaimen-
diko jabeen defendatzaile sutsuak bihurtu dira», iritzi diote.
Ildo horretatik, azpimarratu dute Zarauzko Udaleko zinegotzi Maite Garrastazu Talaimendin eraikina egiten ari den familiako kidea dela. «Hala ere, hemerotekara joanda ez dugu ustezko ustelkeria politiko kasurik gertuan ikusiko». Salatu dute Garrastazu familiak Zarauzko Udalbatzako gainontzeko talde politikoen isiltasuna lagun izan duela bide horretan.
Talaimendiko gaiaren inguruan kontzientziatutako norbanako eta erakundeei herri mugimenduan parte hartzera deitu dituzte. «Naturaren defentsan eta erakundeen duintasunaren alde» borroka egiteko prest dira, eta denen artean «Gipuzkoako kostaldean egiten ari diren bidegabekeriak zuzentzea» dute helburu. Herri plataforma honen inguruko informazio zehaztua eta osatua eskuragarri dago Facebookeko SOS Talaimendi perfilean.
Amezti etxea hizpide Zarauzko udalbatzarrean
Zarauzko urriko udalbatzarrean ere hizpide izan zuten Amezti, Irabazi Zarautzek bi mozio aurkeztu zituelako horren inguruan. Bertan izan ziren Gipuzkoako Aire Kirol Federazioko kideak ere. Delta hego bat eraman zuten udaletxe atarira, egoera salatze aldera.
Irabazi Zarautzek bi eskaera egin zituen, mozio banarekin: batetik, Zarauzko Udalak Ameztiren espedientea Aiako Udalari eskatzeko, eta bestetik, etxearen inguruan altxatu duten hesia kentzeko. Alderdi horretako ordezkari Ana de Benitok esan zuen eskaera instituzionala izatea nahi dutela, eta beraz, Xabier Txurruka alkateari eskatu zioten eskaera ofiziala egiteko Aiako Udalari. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiari obra geldiarazteko eskaera ofiziala helarazteko eskatu zion Udalbatzari, gaia argitu bitartean.
Une horretan Maite Garrastazu zinegotziak (EAJ) aretoa utzi zuen, legeak hala eskatuta. Izan ere, Ameztiren jabeetako bat da.
De Benitok argudiatu zuen mozioa aurkeztearen arrazoia «literalki bistan» dagoela. Haren arabera, eraikinak hautsi egiten du landa tipologia, nortasun kulturala eta paisaiaren integrazioa. «Zarauztarrek galdetu dute nola baimendu duten eraikin hori hor egitea, eta Irabazi Zarautzek uste du bere ardura dela udalera galdera horiek ekartzea».
Mozioa ez zen aurrera atera, EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zutelako. EAJko bozeramaileJesus Aranak adierazi zuen Zarauzko Udalak bai aurreko agintaldian, bai oraingoan ere, egin diola eskaera hori Aiako Udalari. «Ez dugu ulertzen mozio honen nondik norakoa. Eskatu dugu informazioa. Udal bezala, errugabetasun-presuntzioa bermatu behar dugu, eta obren paralizazio eskaera ez dagokio udalari».
PSE-EEko Gloria Vazquezek ere esan zuen teknikariek ziurtatu diotela udalak egina duela dagoeneko informazio eskaera hori.
EH Bilduk Irabazi Zarautzen eskaera babestu egin zuen, baina Iñaki Eizagirre zinegotziak nabarmendu zuen ez daudela ados «idazketa moduarekin», udalak aurrez eginak dituelako eskaerak. Bestetik, obraren legezkotasuna aztertu behar dela esan zuen. «Gertutakoa argitu behar da, erantzukizunik balego, hauek bete eta betearazteko».
Aiako Udalak, berriz, ez du ika-mikan sartu nahi izan, eta UROLA KOSTAKO HITZAri jakinarazi dio txosten teknikoa aldekoa zelako eman zuela baimena. Halaber, azalpenak dagokion lekuan emango dituela esan du. Aiako EAJren eta EH Bilduren onarpena jaso zuen etxea egitearen eskaerak.
Hesia, prozesuan
Ameztiren inguruko hesia kentzeko ere eskatu zuen Irabazi Zarautzek, beste mozio batean. Hesiak hirigintza lizentziarik ez duela esan zuen, eta ez duela uzten bide publikora sartzen. Gaineratu zuen URA erakundeak lurren iparraldera dagoen hesia kentzeko ala lekuz aldatzeko agindua emana duela, eta ingurune hori erabiltzen duten taldeek ere salaketa jarri dutela, belatz handiaren habitatari eragiten diolako. Hesia kentzeaz gain, bide publikoen trazadura aztertzeko espediente bat hasteko eskatu zuen. EAJk zein PSE-EEk ez zuten mozioa babestu, eta hori ere ez zen aurrera atera. Hesiari dagokion prozedura zabalik dagoela esan zuen Aranak, bere epeak dituela, eta ondorio tekniko eta legalek beren bidea egingo dutela.
Eizagirrek ere hesia kentzeko ordena emanda dagoela esan zuen udalbatzarrean, eta ez bada hala egiten,zigor espediente bat ireki beharko litzatekeela iritzi zion.