ARRAUN ANALISIA

Lehenengo bandera

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Olasagasti 2023ko uzt. 25a, 10:23

Zarauztarrak igandeko garaipena ospatzen. (ZAE)

Arraun denboraldia amaitu bitarte, astero arraun analisia eskainiko die UKTren hedabideei Itziar Olasagasti arraunlari ohi oriotarrak. Hauxe du laugarrengoa.

Lehen aldiak beti izaten dira bereziak. Lehen estropada, lehen txapelketa, lehen traineru estropada, lehen sailkapen estropada, eta nola ez, lehen bandera. Lehen bandera horretan ere mailak daude. Lehenengoa, benetakoa, bakarra izango da, baina gero etorriko dira bestelako lehenengoak. Lehenengo aldiz traineruan, lehengo aldiz hemen eta lehenengo aldiz han; lehenengo aldiz postu honetan eta lehenengo aldiz tostetatik kanpo. Estropada bakoitzak du lehen aldi bat, eta garaipen bakoitzak du lehen aldi bat ere. 

Zarautz Arraun Elkarteko emakumezkoen traineruak izan zuen larunbatean lehen aldi berezi bat. Aldez aurretik bazuten lehen banderaren bat elkarbanatuta, baina hura berezia zen; lehenengoa zen ZAErentzat, eta tripulazioko kide gehienentzat ere benetako lehenengo bandera izan zen. 

Baina ez ziren lehenengoarekin konformatu, eta bigarrena iritsi zen igandean. Bigarren hori ere lehenengoa izan zitekeen erlojupekoa zelako, eta lehengoa zelako taldeko kide batzuentzat. Horregatik dira hain bereziak banderak. Bakoitzak baduelako lehen aldi berri bat. 

Zortekoak lehenengo hori astintzeko aukera izan dutenak, bai baitakigu lehen aldi horren atzean lan asko dagoela. Lan asko eta denbora gehiago. Uztaila aurrera doa, eta eskualdeko traineruak ligako postuetan egonkortzen ari zaizkigu. Emakumezkoei dagokienez, ETEn Zumaiakoek bigarren postuari eusten diote, eta Zarauzkoak, asteburuko uztaren ondoren, gorantz datoz. Eta Euskotren ligan, berriz, Orio bigarren postuan dugu; hiru ontziek dagoeneko lortu dute aurtengo lehenengo aldiaz gozatzea. 

Gizonezkoetan berriz, Orio Bk lider sendo jarraitzen du KAE 2 ligan; bien bitartean eskualdeko gizonezkoen gainontzeko traineruak bigarren txandetan kokatu zaizkigu, bai KAE 1 ligan, baita Eusko Label ligan ere. Talde guztiak gora begira daude, ea denboraldi honetako lehenengo bandera noiz iritsiko zain.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide