2010ean jarri zen martxan euskararen egunaren pegatinak egiteko ekimena. Ordutik, urtero ehundaka ikasleren diseinuen artean, bat izaten da hautatua eta abenduaren 3an herrian zehar zabaltzen da marrazki hau. Azken urteetan, euskara sustatze aldera eta hau plataforma berrietara moldatzeko asmoarekin, bideo lehiaketa ere martxan jarri du Udalak. Atzo izan zen sari banaketa eta irabazle guztiak gerturatu ziren bertara.
158 parte hartzaile izan dira aurtengo pegatina lehiaketan, eta horien artean sei nabarmendu nahi izan ditu epaimahaiak. Horietatik, Noa Amondarainen, Jon Galparsororen eta Merlin Freitesen lanek aipamen berezia jaso dute. Hirugarren saria jaso du Inge Lertxundik egindako marrazkiak. Bigarren sarirako, berriz, June Arrojeriak egindako lana azpimarratu nahi izan du epaimahaiak. Azkenik, lehen saria eman diote Oier Iturriotzek egindako marrazkiari, izan ere, antolatzaileek diote egungo gai bat jorratu duela, eta honi eman dion esanahia oso egokia dela azpimarratu dute.
Bideoei dagokionez, 11 parte hartzaile egon dira aurten. Horietatik, Udane Ibargurenek, Libe Huegunek eta Intza Sagardogik, egindako lana saritu nahi izan du epaimahaiak. Plataforma digitaletan gazteok euskaraz erabili ditzakegun hitzak, atzerriko hiztegiarekin ordezkatzen ditugula salatzen da bideoan, eta amaieran, sareetan ere euskaraz mintzatzeko aldarrikapena egiten dute.
Euskararen astea
Sari banaketaren ostean euskararen astea aurkeztu zuten Udaleko kideek. Adin desberdinetako ikasleei bideratuta, hamaika ekintzaz bete dute herria euskararen egunaren harira. Besteak beste, antzerki eta literatura tailerrak, Go! azen telesailko aktoreekin elkarrizketak, eta Durangoko Azokarako irteerak antolatu dituzte herrian euskara sustatzeko asmotan.