Aurtengo Gabonetako parkeak 450 metro koadroko izotz pista izango du

Enara Ariznabarreta

Xabier Txurruka alkatea eta Haur Kultur taldeko, Olaizola Optikako, Murkileko, Zurekin Ostalaritza Elkarteko, Servicios Globaleseko, Schola Cantorumeko eta Nahia Artisau Elkarteko ordezkariak. (E. Ariznabarreta)

Abenduaren 4tik 30era bitartean izango da zabalik Gabonetako parkea. Aurten, 450 metro koadroko izotz pistaz gozatzeko aukera izango da, 20 minutuko saioak euro bakar baten truke. Gainera, azoka eta kale ikuskizunak ere izango dira.

Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eta herriko hainbat eragileren ordezkariek aurkeztu dute gaur aurtengo Gabonak Zarautzen egitaraua. Haur Kultur taldeko, Olaizola Optikako, Murkileko, Zurekin Ostalaritza Elkarteko, Servicios Globaleseko, Schola Cantorumeko eta Nahia Artisau Elkarteko ordezkariek parte hartu dute aurkezpenean. Abenduaren 4tik 30era bitartean, Gabonetako parkeaz gozatzeko aukera izango da Amalur parkean, eta iaz baino eskaintza zabalagoa izango du.

Amalur parkeko Gabonetako zuhaitza ere handiagoa izango da aurten, "iazkoaren bikoitza". Abenduaren 4an piztuko dute, 19:00etan, eta egun horretan bertan irekiko dute Gabonetako parkea. Hori horrela, abenduaren 4tik 8ra Gabonetako azokaz gozatzeko aukera izango da, Nahia Artisau Elkartearen eta Xacobeoren postuekin. Txurrukak argitu du ez dela Erdi Aroko azoka izango, Gabonetako giroaren barruan kokatutako ekimena baizik.

Berrikuntza nagusietako bat izotz pista izango da, 450 metro karratu izango ditu eta karparen barruan kokatuta egongo da. Hogei minutuko saioez gozatuko dute bertaratzen direnek, euro bakarraren truke. Txurrukaren hitzetan, iaz eguraldiak hainbat arazo sortu zituen, eta karparekin "segurtasuna ematen dugu, denok parkeaz gozatzeko aukera izateko". Udalak adin guztietako herritarrak erakartzea espero du: "Nahiko erakargarria izango dela uste dugu, bai gaztetxoak hurbiltzeko, baita hain gazteak ez direnak ere".

Karpa, izotz pistaz gain, bestelako jardueretarako ere erabiliko dute. Zarauzko Kirol Elkarteko taldeek postuak jarriko dituzte bertan, eta janaria, edaria eta gozokiak erosteko aukera ere izango da. Horrez gain, ikuskizunak egiteko plaza txiki bat izango da karpa barruan, eguraldi txarra egiten badu kanpoan egitea aurreikusi dituzten kale ikuskizunak barrura eraman ahal izateko. 

Iazko harreraren ondoren, lau kale ikuskizun antolatu dituzte aurten, larunbat arratsaldeetan: abenduaren 5ean, Otsoak eta elur-oreinak; abenduaren 12an, Diver Jurassic; abenduaren 19an, Itsaspean; eta abenduaren 26an, Circles. Karparen inguruan, gainera, bestelako atrakzioak eta jarduerak izango dira abenduko larunbat eta igandeetan.

Gabonetako argien piztea

Gabonetako argiak pizteko ekitaldia bihar egingo dute, 18:00etan, Musika Plazan. Schola Cantorumek parte hartuko du ekitaldian, Gabonekin lotura estua duen taldea baita. Aurten, gainera, Murkil elkarteko erretiroa hartuko duten lau dendari izango dira argiak pizteko arduradunak: Pedrosako Eva Lopez, JM jostailu dendako Anabel Garcia, Eli oinetako dendako Elisabet Aldabaldetreku eta Merkatu Plazako Berezia postuko Jose Miguel Larrañaga.

Txurrukak eskerrak eman dizkie urtero Gabonetako egitaraua osatzen laguntzen duten eragileei: "Udalaren aldetik oso eskertuta gaude urtero egiten duten lanagatik". Iaz abiarazi zuten lehen aldiz Gabonak Zarautzen egitasmoa, eta egindako lanarekin gustura geratu ondoren, aurten eskaintza handitzea erabaki dute. Egitarau osoa Turismo Zarautzen webgunean kontsulta daiteke.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide