Euskararen astea antolatu du Zegak

Eneko Eizagirre Perez

Arrain zopa musika taldea. (Andrea Zipitria)

Abenduak 3an, 18:00etan Arrain Zopak taldeak girotuko ditu herriko kaleak Udaletxe Plazatik hasiko den kantu jiran eta ostean egingo den poteoan. Abenduak 5ean, berriz, euskararen defentsaren alde Durangon egingo den manifestaziora gerturatzeko autobusak antolatu dituzte, eta ondoren, Zarautzen jarraituko du festak.

Euskararen egunaren harira, hainbat ekintza antolatu dituzte ZEGAko (Zarauzko euskaltzale gazte asanblada) kideek abenduaren 3an eta 5ean. Euskararen aldeko defentsa eta mezu antifaxistak jarri dituzte erdigunean jardueretan.

Ostegunean hasiko da euskararen astea, hain zuzen, euskararen egunean. 18:00etan abiatuta, kantuz girotuko dituzte herriko kaleak Arrain Zopak taldearekin bat eginaz. Udaletxe plazatik hasita, herrian zehar egingo den poteo euskaltzalera bat egiteko deialdia egin dute ZEGAko kideek.

Abenduaren 5ean izango da bigarren hitzordua, eta Zarautzetik kanpo hasiko dute eguna. Izan ere, Durangon egingo den faxismoaren aurkako manifestazioarekin bat egiteko autobusak antolatu dituzte. 11:00etan aterako dira Antoniano paretik, eta 20:00etan izango da itzulera Durangoko Landako Gunetik. 8€ko prezioa izango dute txartel normalek, langabeek eta ikasleek, berriz, 4€ ordaindu beharko dituzte, eta hauek eskuratzeko ZEGAren Instagram kontuko linkean izena eman beharko da. Durangotik itzultzean, Zarautzen jarraituko dute ekintzak, izan ere, 21:00etatik aurrera, afaria eta mojitoak eskainiko dituzte Hiruputzun. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide