Zarauzko Argazkizale Elkarteko argazkilari eta batzordekide Mari Carmen Trasobaresek bakarkako bere lehen argazki erakusketa zabaldu du Torre Luzea aretoan. "Nahiko itxia eta lotsatia naiz. Ez dakit nola animatu naizen ere aurrerapauso hau ematera", azaldu zuen gaur zortzi, mostraren inaugurazioan. Argazkizale elkarteak urtero bi erakusketa antolatzen ditu, bata kolektiboa eta bestea banakakoa, eta Trasobaresek, lotsa guztiak albo batera utzita, aurtengo hitzordurako eman zuen izena. "Adorez bete nintzen, baina ez nuen uste horrenbeste animatuko nindutenik. Elkatekoen bultzadari esker, erakusketa aurrera atera da, eta orain, oso gustura nago", nabarmendu du argazkilariak.
Zaragozan (Espainia) jaioa da Trasobares, baina urte asko daramatza Euskal Herrian bizitzen, eta duela 25 urtetik bizi da Zarautzen. Kostaldeak asko liluratzen duela dio, eta hori agerikoa da erakusgai jarri dituen argazkietan. "Hona etorri nintzenean, argazki asko atera nituen, ingurua begiztatzea atsegin dudalako. Kamera aldean badaramat eta edozer gauza deigarri egiten bazait, irudikatu egiten dut, sentsazioek bultzatuta, beti", kontatu du. Olatuak, hodeiertza, haizea, hondartzako edo malekoiko ekintzak... Askotarikoak dira jarri dituen argazkiak, baina ia guztiek dute kresal usaina; nekazal arloko bizpahiru irudi dira salbuespenak.
Guztira, 31 argazki paratu ditu mostrarako, eta onartu du aukeraketa egitea ez dela batere erraza izan. "Kostatu zaidan arren, jarri ditudanekin oso pozik nago. Gainera, irudi bakoitzari izenburu bat jarri diot, eta benetan txukun geratu da erakusketa. Orain, egin dudanarekin benetan asebeteta nago". Ikus-entzunezko bat ere jarri du, erakutsi duenaren gaineko azalpenekin.
Zaletasuna, familiatik
Erakusketa inauguratuta eta martxn dela, Trasobaresek ez du "ezer gehiago" espero, "soilik argazkilaria naizela apur bat gehiago aitortzea". Izan ere, argazkilaritzarako sena txikitatik datorkio. Lanbidez argazkilaria zuen osaba, eta haurra zela harekin aritzen zen argakiak ateratzen eta errebelatzen Trasobares. "Kamerak nola funtzionatzen zuen azaltzen zidan, eta garai hartan, oso zaila iruditzen zitzaidan", ekarri du gogora. Gerora, helduaroan, ikastaro asko egin ditu hainbat argazki elkartetan. 2001ean, Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko bazkide egin zen, eta iaz, Zarauzko Argazkizale Elkarteko bazkide.
Trasobaresen erakusketa urtarrilaren 3ra bitartean egongo da ikusgai, asteartetik igandera, 18:00etatik 20:00etara.