Hiru garaipen jarraian Amenabarrentzat

Enara Ariznabarreta

Amenabar Zarautz taldea. (Amenabar Zarautz)

Garaipen bikaina lortu zuen atzo Amenabarrek. Aritzbatalde kiroldegia goraino bete zen, eta giro paregabea sortu zen herritarren laguntzaz. Zarauztarrek hirugarren garaipena jarraian eskuratu zuten, markagailua 43-36 itxiz.

Amenabarrek atzo jokatu zuen atzeratutako partidua Anaitasunaren aurka, etxean. Bederatzigarren jardunaldia erabakigarria izan zen kanpoko taldearentzat, izan ere, irabaziz gero sailkapeneko lehen postua eskuratzeko aukera zuten. Anaitasuna baja garrantzitsu batekin iritsi zen jardunaldira, Antonio Bazan jokalaria gabe.

Amenabarrek norgehiagoka ezin hobea jokatu zuen etxean. Aritzbatalde kiroldegia goraino bete zen, eta giro paregabea sortu zen bertan. Zarauztarrak 2-3 hasi ziren galtzen, baina hortik aurrera bikain jokatu zuten. Asko borrokatutako partidua izan zen etxekoentzat, eta lehenengo zatia 24-18 amaitu zuten. Amenabarrek gol asko sartzea lortu zuen, eta kanpoko taldeak ez zuen defendatzen asmatu.

Bigarren zatian, berriz, Anaitasunak defentsa desberdinak probatu zituen, bai irekiak eta baita itxiak ere. Gainera, erasoan pibotea kendu zuten, eta lau lehen lerroko jokalariekin saiatu ziren borrokatzen. Hala ere, ez zuten etxeko taldea garaitzea lortu, eta 43-36 itxi zuten markagailua zarauztarrek. Amenabarrek erakustaldi bikaina eman zuen herritarren aurrean, eta Oihan Balentziaga izan zen atzoko jardunaldiko golegile nagusia, 10 golekin. Larunbatean, hilak 28, etxean jokatuko dute Santanderreko Sinfin taldearen aurka. Zarauztarrak oso motibatuta daude, izan ere, hiru garaipen daramatzate jarraian, eta bolada hau mantendu nahi dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide