Azaroaren 25a

Yoanna eta azken urtean Euskal Herrian eraildako emakumeak oroitu dituzte gaur arratsaldean

Enara Ariznabarreta

Jende ugari batu da Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egun honetan egin diren mobilizazioetara. 18:30ean hasita, Itaiak Lege Zaharren Enparantzan jarri du hitzordua. Zarauzko Mugimendu Feminista, berriz, Plaza Gorritik abiatu da eta herriko kaleak zeharkatu ditu.

Ez euriak, ez hotzak ez ditu gelditu herritarrak, eta kalera irten dira Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Itaiak 18:30ean jarri du hitzordua, Lege Zaharren Enparantzan. Zarauzko Mugimendu Feminista, berriz, 19:00etan elkartu da Plaza Gorrian, eta haindik abiatu dute manifestazioa.

Itaiak indarkeria matxistaren aurkako mugimendu indartsua osatzeko beharra aldarrikatu du, kaleko mobilizazioa eta antolakuntza independentea oinarri hartuta. Antolakuntzaren arabera, indarkeria matxista ez da eten, eta emakumeen aurkako erasoek egunerokoan jarraitzen dute.

Horrez gain, instituzioek eta alderdi politikoek indarkeria matxistari ematen dioten trataera kritikatu dute. Haien esanetan, erakundeen jarduna kasuen kudeaketara mugatzen da, eta ez ditu bermatzen erasotuak izan diren emakumeen babesa eta behar dituzten baliabideak. Bereziki, etxebizitza-alternatiben falta salatu dute, eta indarkeria jasan duten emakume guztiei kalitatezko etxebizitza eta laguntza profesionala eskaintzeko eskatu dute. Amaitzeko, eraso matxista guztiei erantzuteko, erasotuak izan diren emakumeak babesteko eta matxismoari zein faxismoari aurre egiteko deia egin dute.

Zarauzko Mugimendu Feminista, berriz, Plaza Gorritik abiatu da herriko kaleak zeharkatuz, EZ GINEN ATZERA EGITEKO JAIO, FAXISMOARI FEMINISMOZ ERANTZUN! lelopean. Indarkeria matxistaren biktimei eta haien senideei aitortza egin die, eta bereziki, Yoanna gogoratu dute, haren hilketaren lehen urteurrenean, baita azken urtean Euskal Herrian eraildako beste bost emakumeak ere: Tatiana, Amaia, Arelys, Saida eta Kalie. "Ez zaudete bakarrik eta ez dugu gertatutakoa ahaztuko", adierazi dute, memoria kolektiboa "oroitzeko, osatzeko, aitortzeko, erreparatzeko eta borrokarako" tresna dela azpimarratuz.

Manifestuan sistema zisheteropatriarkala, koloniala eta kapitalista indarkerien eta zapalkuntzen eragile gisa seinalatu dituzte, eta faxismoaren eta eskuin muturraren gorakadaren aurrean ohartarazi dute. Era berean, feminismoaren instrumentalizazioa eta diskurtso arrazistak salatu dituzte, baita segurtasunaren izenean polizia gehiago eskatzeko planteamenduak ere. Horren ordez, justizia feministan sinesten dutela eta hura eraikitzen jarraituko dutela adierazi dute.

Bestalde, autodefentsa feminista aldarrikatu dute erasoen, eskubideen ukazioaren eta zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurrean. Antolakuntza eta aliantzak sortzeko deia egin dute, askotariko borrokak elkartuta, eta instituzioen zein indarkeria matxista sostengatzen duten jarreren aurrean antolatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. "Faxismoari feminismoz erantzungo diogu", oihu egin dute amaieran.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide