Gaur azaroaren 25a da, lndarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta Zarauzko Udaleko alderdi politiko guztiek emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako konpromiso irmoa erakutsi dute. Hori horrela, adierazpen bateratua argitaratu dute.
Hona hemen emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko udalak onartutako adierazpen instituzionala:
"Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Zarauzko Udalak, gizarte ikuspegitik erantzun behar dugun hausnarketa helarazi nahi diegu herritarrei: Emakumeen aurkako indarkeriak giza eskubideen urraketa izaten jarraitzen du, eta gizarte osoari eragiten dio. Hori desagerrarazteko, erakundeek, gizarte-erakundeek eta gure komunitatea osatzen dugun kide bakoitzak ere konpromisoa hartu behar dugu.
Horregatik, azaroaren 25eko honetan, errealitate horren aurrean gure zeregina zein den galdetzeko deia egiten dugu, gaitzespenetik harago begiratzeko. Non gaude emakume batek laguntza behar duenean? Non gaude iraintzen, kontrolatzen edo gutxiesten dituzten portaerak ikusten ditugunean? Non gaude isiltasunak, axolagabekeriak edo normalizazioak desberdintasuna eta indarkeria iraunarazten laguntzen dutenean? Non gaude gure sare sozialen bidez irudi edo mezu misoginoak iristen zaizkigunean?
Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzeko, inplikazio aktiboa eta egunerokoa behar da. Ez da nahikoa indarkeria arbuiatzea argi eta garbi agertzen denean. Beharrezkoa da errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzea, hari eusten dioten jokabideak zalantzan jartzea, diskurtso misoginoen aurrean isiltasuna haustea eta negazionismoari aurre egitea, biktimei laguntzea eta, esparru guztietatik, indarkeria matxistarik gabeko inguruneak sortzen laguntzea.
Indarkeria matxistaren aurrean ez dago neutraltasun egoera posiblerik; ez begiratzeak, ez erreakzionatzeak edo isilik geratzeak ere baditu ondorioak. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu aurrera pauso bat ematera: entzun, lagundu eta sostengatzera; interesa agertzera; emakumeen aurkako edozein indarkeria-mota prebenitzeko eta eragozteko jardutera.
Zarauzko Udalak, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea izanik, auzokide guztien konpromiso partekatua sustatu nahi du, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren edozein adierazpenen aurrean jarduteko. Herritarrak gonbidatzen ditugu jarrera bat hartzera eta konponbidean parte izatera, erantzukizun pertsonaletik eta kolektibotik abiatuta. Horrela bakarrik aurrera egin ahal izango dugu gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko baterantz.
Eta horretarako, konpromiso hauek hartzen ditugu:
- Indarkeria matxistaren forma guztien aurrean zarauztarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko kanpainak garatzea.
- Indarkeria matxistako egoeren aurrean, erantzun publikorako eta herritarren mobilizazioetarako dispositiboak artikulatzea.
- Indarkeria matxistako kasuen aurrean, herritarrek egiten dituzten salaketak eta alertak bideratzea, eta egoera bakoitzean erantzun egokiak aktibatzea.
- Haur eta nerabeei zuzendutako hezkidetza-programak garatzea, berdintasunean hezten eta indarkeria matxista prebenitzen laguntzeko.
- Herritarren sareak aktibatzea, indarkeria matxistari aurre egiteko/antzemateko, biktimei laguntzeko, eta, bereziki, mutilak eta gizonak mobilizatzeko."