Bihar inauguratuko dute Ramon Serras 34. Nazioarteko Argazki Mostra

Aritz Mutiozabal

Iazko Nazioarteko Argazki Mostraren irudi bat. (Juan Luis Romatet)

Enmanuel Castells, Irene Larrañaga, Jose Angel Amutxastegi eta Jesus Rollan argazkilarien lanak jarriko dituzte erakusgai Sanz Enean. Mostra urtarrilaren 24ra arte bisitatu ahal izango da, 18:00etatik 20:00etara, jai egun batzuk salbu.

Zarauzko Argazkizale Elkarteak, beste urte batez, Ramon Serrasen omenezko Nazioarteko Argazki Mostra antolatu du, eta bihar arratsaldean egingo du erakusketaren irekiera ekitaldia Sanz Enea kultur etxeko erakusketa aretoan, 18:00etatik aurrera.

Aurtengoa egitasmoaren 34. aldia da, eta, ohiko dinamikari jarraiki, argazkigintzaren arloan ibilbide nabarmena egiten ari diren lau egile gonbidatu dituzte beren lanak erakustera: Enmanuel Castells kubatarra, Irene Larrañaga azpeitiarra, Jose Angel Amutxastegi donostiarra eta Jesus Rollan amurriotarra.

Mostra urtarrilaren 24ra arte bisitatu ahal izango da; egunero, 18:00etatik 20:00etara. Nolanahi ere, Gabonetako egun berezietan itxita egongo da, hala nola abenduaren 24, 25 eta 31n eta urtarrilaren 1ean eta 6an.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide