Igandean txotxongilo emanaldia izango da Modelo aretoan. 16:45ean hasita, Antonella D´Ascenzi artista italiarrak Filar izeneko emanaldia eskainiko du. Tolosako Titirijai txotxongilo jaialdiaren harira munduko hainbat txotxongilo konpainia ari dira Euskal Herrian barrena emanaldiak eskaintzen, eta igandean Zarautzen izango da hitzordu horietako bat.
Txotxongiloak eta poesia bisuala uztartzen dituen lana da Modelon eskainiko dutena, eta saioan ez da hitzik entzungo. Gorputzen, objektuen eta harien arteko harremanak aztertuko dituzte 40 minutuko Filar emanaldian, komunitatea eta loturak nola eraikitzen diren erakusteko.
Saiorako sarrerak tickets.kutxabank.es-en webgunean edo Modelo aretoko leihatilan eskuratu ahal izango dira.