Hiru aste barru izango da Zarauzko XVIII. Kopla Txapelketa: abenduaren 11n , Hiruputzu gaztetxean, 22:00etan hasita. Motxian-Etxebeltz Bertsoguneak dagoeneko iragarri du data, baita nortzuk izango diren zintzarri preziatua lortzen ahaleginduko direnak ere. Aurtengoan ere, hamar bertsolari igoko dira taula gainera, koplaren magia eta umorea entzuleekin partekatzera: Unai Iparragirre, Ainhoa Agirreazabaldegi, Imanol Lizarazu Habana, Saioa Alkaiza, Jon Maia, Aroa Arrizubieta, Onintza Enbeita, Txaber Altube, Oihana Iguaran, eta azken bi aldietako irabazle eta zintzarridun Amets Arzallus.
Gai jartzaile lanetan, aurten ere, Peru Gabirondo eta Irati Tolosa ariko dira, eta ohiko musikari kuadrillak hartuko du parte: Imanol Etxeberria perkusio jotzaileak, Aratz Olaizola soinu jotzaileak, Jurdana Otxoa biolin jotzaileak eta Aitor Amilibia gitarristak.
Beti bezala, antolatzaileek txapelketa baino astebete lehenago jarriko dituzte salgai sarrerak. Abenduaren 4an izango da hori, 19:00etatik aurrera, Musika Plazan jarriko duten postuan. Sarrera bakoitzak 6 euro balioko du, eta pertsonako gehienez ere bost erosi ahal izango dira.