Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna izango da bihar, Azaroaren 25an. Egun horren bueltan, indarkeria matxistaren aurka mobilizatzera deitu dituzte herritarrak Urola Kostako Itaiak eta Zarauzko Mugimendu Feministak.
Urola Kostako Itaiak Lege Zaharren Enparantzan jarri du hitzordua, 18:30ean. Matxismoa normalizatzen duten ideia faxisten eta erasotzaileen inpunitatearen aurka egingo dute protesta, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelo hartuta.
Zarauzko Mugimendu Feministak manifestazioa deitu du biharko, eta 19:00etan abiatuko dira Azken Portu auzoko Plaza Gorritik, Ez ginen atzera egiteko jaio lelopean. Kalera aterako dira faxismoaren, matxismoaren eta emakumeon eskubideak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoei erantzutera.