Aitor Frantzesena Gallo-k zilarrezko domina lortu du International Surfing Association (ISA) elkarteak antolatutako surf egokituko Munduko Txapelketan, itsuen vision 1 kategorian. Zarauztarrak urte zaila izan du aurten, aldakan eta sorbaldan egindako ebakuntza bana tarteko, baina ongi osatu dela erakutsi du, eta onenen artean jarraitzen duela.
Aurten ere Kalifornian (AEB) jokatu dute lehiaketa, baina kostaldetik urruti: Palm Deserteko DSRT Surf igerileku izan da txapelketako agertokia, azaroaren 19tik 22ra, eta parte hartzaileak olatu artifizialetan aritu dira. Lehen kanporaketa lasai gainditu ostean, finalera zuzenean sailkatu zen Gallo. Ben Neumann alemaniarra izan zen nagusi 860 punturekin; zarauztarra bigarren izan zen, 730 punturekin, eta Figue Diel brasildarra hirugarren, 670 punturekin.
Finalean, eskuineko olatuan Gallo izan izan zen onena, 8.67 puntu pilatuz, eta haren atzetik geratu ziren Neumann (7.17), Diel (5.17) eta Thomas Dasilva frantsesa (0.40. Ezkerrekoan, ordea, alemaniarrak aurrea hartu zion nabarmen 14.74 puntuko olatu paregabearekin; haren atzetik geratu ziren Frantzesena (11.00), Diel (9.9) eta Dasilva (8.9).
Bestalde, Ibon Oregik ere hartu zuen parte txapelketan, kneel modalitatean, eta seigarren portuan bukatu zuen, 583 punturekin. Bere mailan, Dijackson Dos Santos brasildarra izan zen jaun eta jabe, mila puntu batuta.