Itsas Zaintza Sareak itsas hondakinak biltzeko deialdi bateratua egin du datorren larunbaterako Gipuzkoako sei herritan, eta eskualdean, Zarauzko hondartzan eta Zumaiako Itzurun hondartzan eramango dute aurrera egitasmoa. Bilketa 11:00etatik 13:00etara egingo dute bi tokietan, sareko eragileek gidatuta. Egitasmoaren helburua da herritarrak kontzientziatzea hondakinek ingurumenean duten eraginaz.
Hori horrela, itsasoaren kontserbazioaren aldeko ekimen kolektiboan parte hartzera animatu dituzte herritarrak. Beraz, bilketa bateratuan parte hartzeko edo sarearen parte izateko interesa dutenek sarearekin harremanetan jar daitezke itsaszaintzasarea@mater.eus helbidera idatzita edo 619 81 42 25 telefono zenbakira deituta.
Mater Ontzi Museo ekoaktiboak sortu zuen 2023an Itsas Zaintza Sarea, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, itsasoa defendatu eta babesteko. Gaur egun, itsasoa bizi, gozatu eta ezagutzen duten 60 eragilek osatzen dute. Asteburuko bilketa bateratua, Zarautzen eta Zumaian ez ezik, Pasaian, Donostian, Irunen eta Deban ere egingo dute.