Garaipenez betetako asteburua eskubaloiko taldeentzat

Eneko Eizagirre Perez

Lide Arrizabalaga eta Nagore Alza, eskubaloia. (Luis Epelde)

Gizonezkoen lehen taldeak bigarren garaipena jarraian eskuratu du Zamora taldearen kantxan. Emakumezkoen taldeak ere denboraldiko momentu ona azpimarratu zuen etxean lortutako bi puntuekin. Honela, jarraian lortutako hirugarren garaipena da hau taldearentzat, eta sailkapeneko laugarren postuan kokatu dira.

Asteburu oparoa Zarauzko eskubaloi taldeentzat, izan ere, bi taldeek maila bikaina erakutsi zuten haien hitzorduetan, eta garaipen bana eskuratu zuten. Gizonezkoen lehen taldeak Zamoran izan buruz burukoa, eta garaipen sendoarekin itzuli ziren etxera jokalariak. Emakumezkoen lehen taldeak, berriz, etxean izan zuen norgehiagoka Bera Beraren aurka, eta talde zarauztarraren aldeko emaitzarekin amaitu zen.

Partidu berdindua zuen aurretik gizonezkoen lehen taldeak Zamoraren aurka, izan ere, jaitsiera postuetatik ateratzeko ahaleginetan zeuden bi taldeak. Gainera, bertako taldeak pasa den jardunaldian Bartzelonaren bigarren taldearen aurka lortutako garaipenarekin, jokalari zarauztarrak maila handia erakusteko prest sartu ziren kantxara. Lehen zatian zehar, markagailua zarauztarren alde egon zen bi eta hiru goleko aldea mantenduaz une oro. Hamabosgarren minutuan, Ekaitz Etxabe jokalariak txartel gorria ikusi zuen, eta beste bi jokalari ere kanporatuak zian ziren bi minutuz. Estutasun une hau igaro ostean, talde gora egin zuten zarauztarrek eta lehen zatia lau goleko aldearekin amaitu zen, 16-20ko markagailuarekin.

Bigarren zatian Zarautzek partidu osoan zehar erakutsitako maila mantendu zuen eta kezka handirik gabeko partidua osatu zuten 34-41eko azken emaitzarekin. Alberto Agirrezabalaga jokalariaren maila nabarmendu nahi izan dute bertaratutakoek, izan ere, berak sartutako hamabi golak oso lagungarriak izan ziren partidua irabazteko. Honela, jarraian irabazitako bigarren partidu honekin, sailkapenean Zamora taldea aurreratzea lortu dute eta jaitsiera postuetatik irteteko geroz eta gertuago daude.

Asteazkenean izango dute hurrengo hitzordua etxean Anaitasun taldearen aurka. Duela jardunaldi batzuk jokatu behar zen atzeratutako partidua, etzi jokatuko da Aritzbatalden 19:30ean.

Neskak ere bolada onean

Etxean izan zuen Emakumezkoen lehen taldeak denboraldiko 8. jardunaldia. Bera Bera izan zuten aurkari eta zarauztarren aldeko norgehiagoka nabarmena izan zen. Erritmo handiko lehen zatia izan zen bi taldeen partetik, hala ere, etxeko taldea aldeko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira, 15-8eko markagailuarekin. Bigarren zatian ere maila bikaina erakutsi zuten Zarauzko neskek, gehien bat, Elene Omaetxebarria jokalariaren partidua nabarmendu nahi izan dute. Honela, jarraian irabazitako hirugarren buruz burukoa izan da hau, eta sailkapeneko laugarren postuan kokatu dira denboraldiko momentu ona azpimarratuaz.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide