Festa giroan agurtu dute Astiko belar naturaleko zelaia

Eneko Eizagirre Perez

Astiko belar naturaleko zelaia kendu aurretik, festa giroan jokatu zen azken partidua larunbatean. Gizonezkoen lehen taldea izan zen protagonista eta 1-1eko emaitzarekin amaitu zen partidu historikoa. Emakumezkoen partiduak ere amaiera berdina izan zuen, Derio taldearen zelaian izan zen kasu honetan.

Festa giroan murgildu zen Astiko kirol instalazioa larunbatean. Belar naturaleko futbol zelaia kendu aurretik, azken partidua jokatu zen bertan, eta hitzordu garrantzitsua festa giroan ospatu zuten bertaratutakoek. Jateko eta edateko ugari eskaini zituzten zelai ondoan kokatutako postuan, eta musika giroan gozatu zuten gizonezkoen partidu osteko festa. Honela, Euskal Herriko futbol zelai historikoari agur ezin hobea eman zieten.

Partidu osteko festa giroa ez zen islatu zelaian jokatutako buruz burukoan, izan ere, gizonezkoen taldea azken asteetan izaten ari zen garaipen bolada frenatu egin zen gol bateko berdinketarekin. Mondragon taldearen aurka izan zuen lehia bertako taldeak, eta maila bikaina erakutsi zuten bi taldeek. Lehen zatia golik gabe amaitu zen, haize bortitzak partiduaren nondik norakoa baldintzatuaz. Bigarren zatian, Debagoienako taldea aurretik jarri zen, eta azken uneetan Iñigoren gol batekin markagailua berdindu zuen talde zarauztarrak.

Emakumezkoen lehen taldeak jokatutako partidua ere markagailu berdinarekin amaitu zen. Kasu honetan, Derio taldearen aurka izan zen buruz burukoa, eta zapore gazi gozoarekin itzuli ziren Zarauzko jokalariak, izan ere, azken minutuetan egin zien ihes garaipenak. Lehen zatian aurretik jarri zen talde zarauztarra, eta partidu osoan zehar modu sendoan defendatu ostean, azken minutuetan berdindu zuen markagailua bertako taldeak. Garaipena eskuratu ez bazuten ere, azken asteetan lortutako emaitza positiboekin jarraitu dute kanpoan eskuratutako puntu honekin.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide