Hotz Zarautz erakundeak hamargarrenez antolatuko du aurten pertsona errefuxiatuei laguntzeko bigarren eskuko Gabonetako Azoka Solidarioa. Abenduaren 5etik urtarrilaren 5era egingo dute, eta aurten ere Laspiur denda zegoen tokian izango da azokaren topagune.
Erakundeko boluntarioak dagoeneko abian jarri dira, eta joan den larunbatetik materiala biltzen hasi dira aipatu lokalean bertan. Egitasmoa aurrera ateratzeko herritarren ekarpena ezinbestekoa da, baina argi utzi dute berrerabilgarria den eta besteentzako erakargarria izan daitekeen materiala bildu onartuko dutela.
Besteak beste, altzari txikiak, apaingarriak, ontziteria, beirateria, oherako edo mahairako oihalak, objetu bitxiak, margolanak, ispiluak, lanparak, erropa eta osagarriak hartuko dituzte. Liburu eta diskoak izan ezik, azokan balioa izango duten beste edozer hartuko dute. Herritarrek astelehenetik larunbatera eraman ditzakete gauzak, 11:00etatik 13:30etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Iazko azokari esker, Hotz Zarautzek 25.500 euro lortu zituen, hainbat elkarte eta norbanakok egindako ekarpenekin batera, hala nola askaria La Perlan, Salbideko Gaztaina Jan Solidarioa eta abar..